Beharrezkoa den deskarbonizaziorako bideak aldaketa sakona ekarriko du lurralde, ekonomia eta energia ereduetan, “eta hori modu kontzertatuan eta alde anitzeko esparru batean baino ezin da egin”. Eredu aldaketa sakonaren alde egin zuen Idurre Bidegurenek PSOEk proposatutako Europar Batasunaren markoaren legeetan oinarritutako hirien neutralitate klimatikoa lortzeko mozioaren eztabaidan eta anbizio gehiagoz jokatu behar dela esan zion Gobernuari.
EH Bilduk norabide horretan doazen ekimenak babesteko borondatea duela aurreratu zuen senatariak baina asteazkenean Senatuan aurkeztutako ekimenak ez duela ezer berririk planteatzen aurpegiratu zion PSOEri eta “publizitate-ekintza soila” ez ote den galdetu.
“Udalerri askok urteak daramatzate klima-aldaketaren erronkarekin inplikatuta” esan eta behar dutena “finantziazioa handitzea” dela zehaztu zuen Bidegurenek bere herriko eredua hartuta: “Badakit zer inbertsio egin diren ministeriotik azken urteotan. Ez dira nahikoak herri erresilienteak izateko”.
Europako funtsak trantsizio ekologikora bideratutako ekimenen alde erabiltzeko eskatuz amaitu zuen: “Aprobetxa dagigun ba aukera hau, herriak eraldaketaren giltzarri baitira”.