EAE eta Nafarroa arteko Organo Amankomun Bateratua da ziurrenik abertzale gehienok eta gehien bat Eusko Alkartasunako militanteok barruan sentitzen dugun hutsunea. Nork jakin 1996tik hona normaltasunez lan egin izan balu, zer egoeratan egongo zen Hego Euskal Herria.

Organo Amankomun Bateratua Eusko Alkartasunako militanteok bereziki estimatzen dugun instituzioa dela esaten dugu, gure alderdia izan zelako Hegoaldeko egituraketa instituzionala bultzatzeko gaitasuna zuen espazio horren bultzatzaile nagusia. Izan ere, martxan jartzeko arrazoi nagusia Eusko Alkartasunak Lakua eta Iruñeako gobernuetatik egindako ekarpena izan zen. Baina Organo Amankomun Bateratua helburu ideologikoa baino askoz ere gehiago zen: helburu nagusia sinergiak sortu eta herritarrentzako zerbitzu hobeak lortu, ekimen ekonomiko bateratuak etabar garatzea zen.

Egun kexatzeak ez du zentzu handirik, are gehiago urte luzeetan itxoin eta gero Nafarroan aldaketa garatzeko oinarriak daudenean. Baina, aldaketaren Nafarroak dituen lehentasunen artean, gainontzeko euskal herrialdeekin harreman normalizatuak lortzea ere badago.
Espainiako nazionalismo irrazionalenak hil zuen Organo Amankomun Bateratua, lurraldetasun, estatalismo, mailan egiten ditugun aurrerapauso guztiak Estatuaren kontrako erasotzat hartzen baitira. Hala ere, lehen aldia izan zen nafar gizarteari bere etorkizunaz erabakia hartzeko aukera eman zitzaion, ez baita ahaztu behar nafarrek inoiz ez dutela bere errealitate politiko eta administratiboa bozkatu.

Estatua da Nafarroako gizarteari inposaketak egiten dizkiona. Hori frogatzen dute Legebiltzarraren gehiengoak onartutako 17 legeen kontra Madrilek jarritako helegiteek. Nafarroako espainolistek –guztiek, berdin eskuin zein ezkerrekoak, berdin PP eta UPN zein PSN- beti ukatu diete nafarrei bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Inoiz ez dute onartu erakunde egituraketari buruzko iritzia eman dezaten, eta hala ere, obsesionatuta dabiltza Euskal Herriko eraikuntza nazionalaren erruz Nafarroak omen pairatu dezakeen nortasun galerarekin.
Obsesioak obsesio, independentismoak bultzatzen dituzten proiektuek, eta zer esanik ez Eusko Alkartasunak beti defendatu dituenek ardatz argi bat dute: nafarrek bere etorkizuna erabakitzeko aukera dute, mahai gainean aukera posible guztiak jarrita, hori bai.

EH Bilduk proposatzen duen Independentziarako Euskal Bideak egungo errealitate instituzional bakoitzaren erritmoak errespetatu baino gehiago egiten du, erabakirako erritmo ezberdinak dira bere oinarria.

Beraz, fantasmak eta beldurrak alde batera utzita, argi dugu zazpi herrialdeetako Euskal Herriaren egituraketa nazionala ez dela EAEko ekimenaren kontua izango: errealitate administratibo ezberdinetatik abiatuko da. Hor ibai, EAEk bidea hasteko ardura du, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo demokratikoa duelako.

Presarik ez dagoela badakigu, ezin baita egoera bortxatu, ezta, inondik ere, gure proiektua inposatu. Baina aldaketako indarrek Organo Amankomun Bateratuari edo helburu berdina duen erakundeari beldurra erakustea ere ez da serioa. Nafarroa eta EAEren arteko harremanak bultzatu behar badira, eta hori logikoa da historia eta kultura komuna duten bi eremuen artean, eraginkorrena horiek instituzionalizatzea da.

Gure azken ponentzia politikoak dioen bezala, EAE eta Nafarroa, Hegoalde eta Iparralderen arteko behin behineko erakunde legegile eta ejekutiboen aldeko egiten du. Denborak zehaztuko du egituraketa hori, beti ere gizartearen nahiari jarraituz. Goiz da Euskal Herria independenteak euskal-nafar Dieta formularen arabera egituratu behar den esateko. Baina aukera guztiak, politikoak eta juridikoak, aztertzen joan beharko ginen. Eta batez ere EAE eta Euskal Herria gauza bera balira bezala jokatzeari utzi behar diogu, Nafarroa eta Iparraldea zerbait folklorikoa baino askoz ere gehiago dira eta.