Katalunian zabaldu den prozesua bultzatzeko Junts pel Sí eta Cupek aurkeztutako ekimena eztabaidatuko den Osoko Bilkura ospatu ez dadin Auzitegi Konstituzionalera joko zuela esan zuen PPko bertako buruak, Xabier García Albiolek pasa den aste amaieran. Denbora gutxi behar izan zuten gainontzeko alderdi konstituzionalistek helegitearekin bat egiteko eta asteazkenean Ciudadanos-eko Arrimadas eta PSCko Iceta Albiolen alboan agertu ziren argazkian. PP eta Ciudadanosek ez zuten eztabaida gerta zedin ere nahi, non eta debate politikoaren egoitza nagusian, Parlamentuan.

Bitartean, Estatuaren aparatuak martxan jarri ziren eta Jorge Fernández Díez Barne ministroak berak iragarri zuen independentzia aldarrikapenaren aurrean jokatzeko planak prest ditu Madrilgo Gobernuak, Auzitegi Konstituzionalari dei eginez. Berriro ere, Euskal Herrian oso ezaguna dugun errezeta: epaileak erabakitzeko eskubidearen kontra.

Ogasun ministroa ere ez zen atzean gelditu. Catalunyako finantziazioa moztuko zuela iragarri zuen Cristóbal Montorok, Katalunian biltzen diren zergen dirua Madrilena balitz bezala. Eta hori ere ezagun egiten zaigu, sarri gertatzen baita alderdi espainolistek gure finantziazio iturrien kontrako erasoak egitea, hala nola Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa.

Bitartean, Auzitegi Konstituzionalak, errespetuzko itxura mantendu nahian edo, ezin duela Parlamentuko eztabaida politikoa debekatu esan du. Baina, azken hitza berea dela argi utzi du, ez kataluniarrena. Et ahori legala izango da, oso legala, baina ez da batere demokratikoa.

Katalunian garatzen ari den prozesua oso begi onez ikusten dugu Euskal Herritik. Izan ere, hori da beti nahi izan duguna: gizartetik sortu den prozesua, demokratikoa 100%ean eta bakezalea.

Eta Kataluniara arretaz begiratuta argi dago, gero eta argiago, egiten dutena Estatua kontra izanda egingo dutela. Izan ere, erabakitzeko eskubideari dagokionez, azpikeriak dira nagusi: Kataluniak ezin du erabaki Konstituzioan ez dagoelako, baina Nafarroako gizarteak badu Konstituzioan erabakitzeko zirrikitu bat, 4. xedapen iragankorra, eta eskubide hori ere ukatzen zaio.

Rajoyk argi utzi zuen ostegunean, Iruñean: datorren legegintzaldian Konstituzioa erreformatuko da eta PPk laugarren xedapen iragankorra ezeztatuko du, zeinek Nafar herritarrei etorkizunean hegoaldeko beste herrialdeekin bat egin nahi duten erabakitzeko eskubidea ahalbidetzen duen. Hau da: legezko babesa izanik ere, ezinezkoa da erabakitzeko aukera izatea.

Halere, zaila da sinestea XXI. mendeko Europa honetan independente izan nahi duen herri batek bere nahia ez betetzea. Orduan, zer aukera daude horretarako? Aldebakartasuna, zilegitasun demokratikoa, gizarteari kasu egitea espainiar Estatuko Auzitegi Konstituzionalari kasu egin beharrean.

Hori lortzeko, berriz, Euskal Herriko independentismoak traba nagusi bat du etxean bertan: gertatzen ari den guztia EAJk soslaian begiratzen du, beti ere, Estatuko marko instituzionalaren ikuspegitik eta argi dagoena ukatu egiten du, aldebikotasunean eta paktuaren onurak aldarrikatzen dituen bitartean. Behin eta berriz akordiorik lortu nahi ez duela adierazi duen Estatu batekin, zer paktu lortu nahi du EAJk?

Ezbairik gabe, EAJren arima subiranista desagertzen ari da, hainbeste jada oso zaila dela berau antzematea. Konstituzionalismo katalanari jarraiki, EAJk Eusko Legebiltzarrean ukatu egin du Kataluniako aferari buruz eztabaidatzea, EH Bilduk eskatzen zuen moduan. Urkulluk gainera gizarte katalana iraindu egin du, “egun batetik bestera Estatu independentea sortzea ezinezkoa” dela esaten duenean, modu horretan, gizarte katalanak azken urteetan egin duten lana mespretxatuz eta beraien herriaren onena lortu ez duten adingabeko bezala tratatuz.

Gero eta lotsa gutxiago duen EAJ ikusten dugu, bere “statu quo”-a mantentzeko kudeaketan jarraitzea bakarrik interesatzen zaiona. Inongo arazo eta konplexurik gabe EH Bilduk aurkeztutako herritarra ahalduntzeko legeari uko egiten dio, Kataluniako Kontsulta legean oinarritutako proposamena; hau da, aukera asko eskaintzen dituen legea.

Itxaropen bakarra da EAJren oinarri subiranistek –Katalunian, esaterako, jada desagertutako CiUren barnean gehiengoa zen- alderdiaren ibilbidea errotik aldatzea.