• Demanda osorik ezetsi eta Maiorga Ramirezen gertukoak kostuak ordaintzera kondenatu ditu

• Eba Blancoren jarrera berresten du EAko idazkaritza nagusiaren buru gisa

Lehen auzialdiko Gasteizko 3. epaitegiak erabat ezetsi du Maiorga Ramirezen gertukoek 2022ko otsailaren 19an eta 20an egindako Eusko Alkartasunaren XIII. Ohiko Biltzar Nazionalean hartutako erabakien aurka jarritako demanda. Epai horrek baliozkotzat jotzen ditu bilera horretan egindako bozketa guztiak, Eba Blanco buru den Zuzendaritza-batzorde Nazionalaren legezkotasuna eta zilegitasuna berretsiz, baita estatutu berriak eta han onartutako ponentzia politikoa ere. Honekin batera auzi-jartzaileak kostuak ordaintzera kondenatzen ditu.

Eusko Alkartasunako Zuzendaritza-batzorde Nazionalak positiboki baloratu du ebazpen judiziala. “Egiari zor, hau zen eman zitekeen erabaki bakarra”, adierazi du. Eba Blanco alderdiaren Idazkari Nagusiak esan duenez, “epai honen bidez lurrera erori da batzuek Eusko Alkartasunaren organo legitimoen aurkako jazarpena, ospe-galtzea eta difamazio-estrategia justifikatzeko gezurrekin eraikitako tramankulua”.

Epaiak berretsi egin du Eba Blancoren jarrera Eusko Alkartasunako Idazkaritza Nagusiaren buruan eta Ramirezen gertukoek bere zilegitasunari buruz sortzen zituzten zalantzak erabat argitzeko balio du. Ildo horretatik Blancok gehitu du epaia “inflexio-puntua dela”, eta “orain batzuei dagokiela ebazpena bere gain hartzea eta alderdiaren organo legitimoen akordioak demokratikoki onartzea”.