Eba Blanco de Anguloren artikulua

 

Alderdi guztiak, salbuespenik gabe, bete-betean inplikatzen dira Euskal Herriko bake-prozesuan;
Eskuin unionistatik hasi eta ezker independentistaraino, agintari gorenak buru, mahai inguruan eseri dira luzeegi pairatzen darabilgun gatazka armatu eta politikoari amaiera emateko moduaz hitz egiteko. “Ezin gara 2036ra iritsi zauri irekiekin. Ezin diogu beste belaunaldi bati ezarri guk bizitako sufrimendua eta liskarra. Edozertarako prest gaude bakearen alde; eskerrik asko gizarte zibilari egin beharreko bidea erakusteagatik eta begiak irekiarazteagatik”.
Irudikatzen ahal duzue halako adierazpenik? Ia fantasia politikoa da Bidasoaren alde honetan. Baina Iparralden gertatzen ari den egitatea da. Alderdi eta eragile politiko guztiak aho batekoak dira; errepublikanoetatik hasita, Modem, UDI, ezker osoa, ekologistak, eta jakina, abertzaleak, GUZTIEK, argi dute dute Bake Bidea ez dagoela bukatuta. Eta gogorarazten dute, halaber, Espainian eta Frantzian ohiko legea aplikatu behar dela; ohiko lege osoa, baina ohiko legea besterik ez, salbuespenik gabe. Salbuespenezko politika horien artean, jakina, espetxe-politika dago.
Hauexek izan ziren Etchegaray Lehendakariaren hitzak Aieteko Adierazpenaren urteurrenaren ondoren: “Parisen ez gaituzte entzun nahi. Euskal Herria ez al dago jada Frantzian? Arazoak konpontzeko orduan Frantzia existitzen ez bada, esan beharra dago. Presoena edo euskararena bezalako gaietan aurrera egin nahi dugunean, orduan frantziar estatua zailtasun handia bihurtzen da. Euskadi bere berezitasunak dituen lurraldea da; hobe du Frantziak horretaz jabetzea soluzioen bidean aurkitu nahi bagaitu”. Irudikatzen ahal duzue halako adierazpenik Urkullu lehendakariaren ahotan?

Max Brisson, Les Républicains-eko senataria Pirinio Atlantikoetako eskualdetik: “Presoen auzia konpondu behar da dagoeneko; jasanezina da igarotzen den minutu bakoitza. Justizia trantsizionaletik urrun gaude oraindik. Ikuspegi partekatua eraiki behar dugu, objektibotasunez, baina sufrimendu guztiak eta desadostasun guztiak geureganatuz. Gainditu beharreko bi oztopo ditugu: Estatuaren indiferentzia batetik, eta gure artean borrokatzeko dugun erraztasuna. Adostasuna gasolinaz balitu behar dugu; horrek jarriko bait gaitu martxan”. Irudikatzen ahal duzue halako adierazpenik Alberto Catalan senatariaren ahotan?

Irudimen ariketa hori zaila zaigu, baina egin beharra dago benetan Euskal Herria bakean ikusi nahi badugu; Giza Eskubideak urratu gabe eta salbuespenezko legerik gabe, politikak arazo sozialak konpontzeko eta eztabaida guztiak onartzeko balioko duen. Eta eztabaidetan, jakina, herri gisa dagokigun Autodeterminazio eskubidearen aitorpena demokratikoki emango den.

Irudimena hezurmamitzen joan dadin, emakume politikari belaunaldi berriei ere bide eman behar diogu. Emakumeak diot emakumeen falta sumatzen dudalako ETArik gabeko 10 urte hauen atzerabegiran. Kontua ez da ez garela egon, baizik eta berriz ere historiatik ezabatuak izan garela. Lerro hauetatik, nire aitortzarik zintzoena bidali nahi diet Rosa Rodero, Maixabel Lasa, María Jauregi, Dolores Gonzalez Katarain, Rosa Lluch… bezalako bakearen aldeko emakumeei; eta Ahotsak-en parte hartu zuten emakume guztiei, filosofia honen baitan ibiltzeagatik lanean: gatazkaren izaera politikoa onartzea, konponbidean emakumeen parte-hartzea aldarrikatzea, emakumeak ere gatazkaren parte diren heinean, eta konponbide politiko eta demokratikoaren beharra aldarrikatzea, bai eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea ere. Hau 2006an izan zen. 15 urtetan, zenbat giza enpatia eta ausardia politiko utzi dugun bidean!

Eta belaunaldi berria diot, zeren gurea, “bake modua on” jartzen saiatzen bagara ere, bada bere erosotasun espaziotik mugitzen tematzen denik. Bakea egiteko modua irauliko diguten gazteak behar ditugu; iraultza behar dugu orain arte eraikitzeko gai izan ez garenari beldur gabe eta eskuzabaltasunez ekiteko; egia, justizia, erreparazioa, eta noski, ez errepikatzea. Biktima guztiei zor diegu, isilean eta fokurik gabe lan egin dutenei, bakea gatazkaren zitalkeri guztien gainetik jartzen jakin dutenei… Eta “nik ez dut Euskadi Bakean ikusiko, baina zuk, alabatxo, ahal duzun guztia eman ezazu gerta dadin” esan dutenei. Horregatik guztiagatik, eta horiengatik guztiengatik, egin dezagun gure irudimenaz bakearen iraultza.