Lore Martinez Axpek, EH Bilduko legebiltzarkideak interpelazioa zuzendu dio gaur Hezkuntza kontseilariari jakiteko Google-ekin sinatutako hitzarmenaren arabera, zein asmo duen Hezkuntza Akordioaren oinarrietan jasotakoa bermatzeko, eraldaketa digitalaren arloari dagokionean.

Apirilaren 11ean Hezkuntza Sailak Google-ekin, ikastetxeetan “Google Workspace for Education” zerbitzuak erabiltzeko hitzarmena sinatu zuen. “Google-en Hitzarmena aztertzen badugu, Hezkuntza Akordioan sinatu genuena bermatzea ezinezko da”, azaldu du Lore Martinez Axpek.

“Laburbiltzeko, Pegasus eramango duzue eskoletara, Pegasus-en bertsio berria, “BASQUE PEGASUS for SCHOOLS”. Euskal hezkuntzan (irakasle, ikasle eta familien datuak), pribatutasun osoa eskura izango du Google multinazional erraldoiak, Gobernuaren onespen eta onarpenaz gainera. Datuak dira XXI.mendeko urrea eta Google-k ondo baino hobeto daki hori” esan du.

“Gero eta familia gehiago daude beren seme-alaben hezkuntza multinazional teknologika handien esku utzi nahi ez dutenak. Eta jakin nahi nuke, familia hauentzat zein izango den hezkuntza sailak emango dien alternatiba”.

“Gaur teknologia digitalei buruz aritu gara, teknologia digitalak gora eta behera. Baina argi utzi behar dugu teknologia digital bat edo bestek, ez duela bermatzen hezkuntzaren hobekuntza. Hau da, digitalizatu digitalizatzeagatik ez du hobekuntzarik bermatzen. Hezkuntza-sistemaren eraldaketa digitalak bere horretan, ez du ekarriko miraririk. Hezkuntzaren eraldaketa digitalaren planak, 2 galdera erantzun beharko lituzke: ZERTARAKO egin eraldaketa digitala eta NOLA egingo dugun. Hausnarketa sakona falta zaigu, nora goazen eta zer lortu nahi dugun ondo definitzeko”, adierazi du.