Estatu espainolak burutu dituen lan erreformek utzi diguten eskenatokian lanpostuak sortzea eta horiek lan baldintza duinak izan dezaten aldarrikatu beharra dago maiatzak 1ean. Pertsona gehienon bizitza lanaren oinarriaren gainean eraikitzen da, bai egunero ordu asko ematen ditugulako lanean baita soldata erabat beharrezkoa dugulako. Horregatik, baldintza kaskarrak dituen lanak egoera pertsonal larriak sortzeaz gain gizon eta emakume ugariren oraina eta etorkizuna zapuzten du.

Gazteak lanean hasten diren baldintzek, denboran zehar emakumeek lan egin duten sektoreenak, langabezian egon eta gero berriro lan merkatura sartzen diren adin ertaineko pertsonenak ez dute bizi proiektu duina garatzeko ematen. Euskal Herrian pertsona ugariren bizitza baldintzatuta dago lan merkatuan sartzeak ez duelako hilabete amaierara iritsiko zarela bermatzen.

Urtea hasi zenetik, Hegoaldeko lau herrialdeetan 9.000 lanpostu desagertu direla baieztatu du INEren biztanleria aktiboaren inkestak (apirilaren 27an). Berriro ere beste herri batzuk baino hobeto gaudela esango du norbaitek Estatuko datuak EAE eta Nafarroakoak baino okerragoak direlako. Hala ere, horrek langabetuen egoerari onik ez egiteaz gain beste errealitate bat ezkutatzen du, urrun ditugun datuak Europakoak direla, alegia. Datu horiek gainera enpresa handiek ematen dituztenenetik urrun daude baita ekonomia berpizten ari dela esaten duten diskurtso ofizialetatik ere.

Nortasun instituzionala duen Eusko Alkartasuna bezalako alderdi batetik maiatzak batean kalean burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta era berean erakundeek kalitatezko lanpostuak sortzeko baldintzak lortzeko lan egin behar dutela azpimarratzen dugu. Gaur egun horixe izan behar da erakunde guztietako lehen helburua, baina amaitzen ez diren murrizketek egoera larriagotu baino ez dute egiten.

Lana izanda ere eta dituzten baldintza prekarioak direla eta DBEaren beharra duten pertsonena litzateke horren adibiderik onenetarikoa, Eusko Jaurlaritzak gizarte laguntzak ere murriztu zituelako 2011ean.

Ez gara gauden egoerara iritsi nazioarteko egoera ekonomikoarengatik, baizik eta alderdi politikoek hartu, erakundeek onartu eta erakunde desberdinek aplikatu dituzten erabaki zehatzengatik. Eta egoerari buelta emateko bide berdina behar dugu, erakundeetako politikak.

Lan Harremanetarako Euskal Esparruatik egin nahi du hori Eusko Alkartasunak, eragiten dizkiguten neurriak bertan hartu daitezen. Egun ez dugu hori gure esku, EAE, Nafarroa eta Iparraldeko erakundeek ez baitituzte lan merkatua erregulatzeko eskuduntzarik.

Hori dela eta, egoera aldatzen hasteko neurri zehatza behar dugu: Lan Harremanetarako Euskal Esparrua lortzeko lan arloko eskuduntzak lortzea. Horren bidez, lanpostu duinak sortu eta lana banatzea helburu duten politikak garatuko genituzke, arlo publiko zein pribatuan, gehiengo sindikalak aldarrikatzen duen bezala.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak maiatzak 1erako deitutako mobilizazioetan parte hartuko du Eusko Alkartasunako militantziak eta alderdiko ordezkariek aipatutako helburuak lortzeko lan egingo dute.