Pertsona guztiak errespetatzen dituzten kontsumo ohiturekin konpromisoa hartzearen garrantzia azpimarratu du Gasteizko Batzorde Eragileak: Udalerrian nahi dugun merkataritza eredua ere gure esku dago
Supermerkatu kate handien langileen aldarrikapenekin bat egiten du Gasteizko Eusko Alkartasunak: Lana eta bizitza pertsonala uztartzea posible egiten duten ordutegiak eskatzen dituzte. Gasteizko Batzorde Eragileak gogoratu duenez, marka eta hipermerkatu handiek ordutegi zabalagoak ezartzeak “ez du lanpostu berriak sortzen, eta lan balditzek ez dute hobera egiten: Kontrakoa izaten da, eredu liberalenean lan baldintzek okerrera jotzen dute eta produktuaren kalitatea ere jaisten da”.
“Hori ez da gure merkataritza eredua”, esan du Gasteizko Eusko Alkartasunak, eta langileen bizitza kalitatea bermatzen duten ordutegia duen auzoko merkataritza txikia babesteko deia egin du. “Egia da gizartea eta ohiturak aldatu egin direla baina egun Gasteizen igandean hamar orduz zabalik dagoen supermerkatua ez da beharrezkoa”, azpimarratu du.
Era berean, filosofía horretan oinarritzen diren kontsumo ohiturak izatera animatu du hiriburuko jendartea: “Gasteiztar gehienek supermerkatuetako langileen aldarrikapenekin bat egiten badugu, pentsaera horrekin koherentziaz jokatu beharko genuke: Gu gara nahi dugun hiria eraikitzen dugunok”.