Bere emankizunetan zeinu-hizkuntza sartzeko proposatu dio Bilboko Udalari EH Bilduko zinegotzia eta Bizkaiko hiriburuko EAko Batzorde Eragilearen presidentea den Bruno Zubizarretak. Azaltzeko zaila bada ere, EAJ-PSEren Udal Gobernuak atzera bota du ekimena, erabakia hartu aurretik ikerketa egin behar delakoan. Gorrak diren pertsonen oinarrizko eskubide bat betetzea dela gogoratu die zinegotzi abertzaleak.
“Udal emankizunetan itzultzailerik ez egoteak osoko bilkuretako eztabaidatik kanpo uzten ditu hiriko biztanle asko”, adierazi du Zubizarretak: “Bilbon bizi garen guztiokin barneratzailea eta adeitsua den hiritik aldentzen gaituen gabezia nabarmena da”. “Erabat barneratzailea den hiria eraikitzearen aldeko apusutua” egiten du EH Bilduk zinegotziak esan duenez, “pertsona guztiek eguneroko gertakari politiko-instituzionaletan eta erakunde publikoetako bizitzan parte hartu dezaten posible eginda”.
Aurtengo Aste Nagusiko kartelaren balioa goraipatu du Zubizarretak jaiak zeinu-hizkuntzan iragarri baititu, baita “Bilboko konpartsak”-en ahalegina ere, konpartsei zeinu-hizkuntza ikasteko formazioa eskaini baitie, horrela “pertsona guztientzako parte hartzailea eta berdinzalea den jai eredua” lortzeko. “Udalak jarraitu dezakeen eredu ona da”, amaitu du.