Espazio publikoari izua eduki behar diogula, botereak ikaratu behar gaituela, zaintza lanetan gure eskubideak aldarrikatzearen beldur izan behar garela… Pandemia baten erdian konfinatuta egon beharrak gauza asko erakutsi dizkigu; erakutsi digu nola emakumeok egiten ditugun zaintza lanik gabe, gizarte honek ezin du iraun. Erakutsi digu zaintza lan horiek emakumeon bizkar jarriz, sistema aberastu egiten dela, bizitzak eta ongizatea pobretzen diren bitartean. Eta erakutsi digu beldur garen bitartean, gurekin, gure bizitza eta eskubideekin jolastu dezaketela inolako kontraindarrik gabe.

Beldur guztien gainetik

Beldur guztien gainetik

. Baina esnatu gara, saretu gara, indartu gara, eta kontzientzia hartu dugu. Ulertu dugu gobernu baten lehen betebeharra, gobernatzen dituen herritarren bizitza zaintzea, ezin dugula guk egin debalde Ezin dugula gure lurrak eta gure gorputzak kontsumitzen dituen sistema bat elikatu. Ezin dugula zaintza pribatizatzen duten bitartean, gure bizi kalitatea hipotekatu. Guztiaren gainetik duin bizi nahi dugula, eta horretarako, gobernuak duinki bizitzen lagundu behar digula: gure haurrak hezi eta helduak jagon. Gure osasuna ziurtatu, eta zerbitzu sozialak bermatu. Kaleko zaintza gure alde egon behar dela, eta ez gure kontra. Joan etorrian dagoen jendea abegiz jaso, ez pilotakadaka edo internamendu zentroetan atxikiz. Behar duenari emanez eta duenarengandik jasoz.

Hau lortzea posible da. Egin izan dugu, eta egin dezakegu berriro ere. Horretarako baina, emakumeak behar ditugu erabaki esparru guztietan; politikan, enpresa munduan, akademian, kulturan, zientzian, lege esparruan, eta noski, zaintza lanetan ere bai.

Justizia sozialean oinarritutako gizarte bat eraikitzea ezinbestekoa zaigu emakumeok aske izatea nahi badugu. Horretan dihardugu; gure buruak ahaldunduz, beste alor, herri eta pentsamenduetako emakumeekin saretuz; zapi guztien azpitik eta beldur guztien gainetik, ahizpatasunak ematen digun bultzadarekin hegan, askatasunera.