Armeniak, Azerbaijanek eta Errusiak 2020ko azaroaren 9an sinatu zuten su-etenetik sei hilabetera, Bakuko erregimenak giza arloari begira ezarritako klausula nagusietako bat aplikatzeari uko egiten dio oraindik ere: gerrako presoen askapena.
Azerbaijango kartzeletan berrehun soldadu armeniar baino gehiago egon daitezkeela uste da.
Mota guztietako gerra krimenak egin zituen Azerbaijanek gatazka horretan zehar. Exekuzio sumarioak, gerrako presoei eta armeniar zibilei egindako torturak eta gorpuen mutilazioak erakusten dituzten bideo asko daude. Petrolio diktadura horren arbitrariotasunaren esku daudenek egoera okerrenetan egon daitezkeenaren beldurra dago horregatik. Izan ere, ezin da ahaztu Freedom Housek argitaratu berri duen askatasuna eta demokraziari buruzko txostenean Azerbaijango erregimena azkenen artean sailkatuta dagoela. Azkenengo tokietan dago ere giza eskubideen arloan hainbat GKEk egindako sailkapenetan. Era berean, Reporteros sin Fronteras taldeak prentsa askatasunari buruz 180 herrialdetan egindako sailkapenean 168. postuan kokatu du Azerbaijan. Zuzenbidea urratzen estatu liderra da Azerbaijan.
Zoritxarrez, Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko Minskeko taldeak ezin izan zuen gerrari aurrea hartu ezta biktimak defendatu ere. Baina gutxienez, su-etenaren klausula humanitarioa errespetatzen dela ziurtatzeko gai izan beharko litzateke. Negoziatutakoa eta behin betikoa izango den bakea eraikitzeko aurre baldintza da hori. Zuzenbideak indarkeriaren gainetik egon behar du totalitarismo eta basakeriaren eskuetan utzi ezin den eskualdean.
Horregatik, manifestu honen sinatzaileok nazioartean duen ahalmen eta eragina armeniar gerrako presoen askapena lortzeko erabili dezan eskatzen diogu Espainiako Gobernuari.