Arri Zulaikak sektore publikoan lan erreforma ez aplikatzeko eta 2016ko aurrekontuetan hala jasotzeko eskatu dio gaur Jaurlaritzari, mozio baten bitartez, Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Mozio horren jatorrian dago joan den ekainean Zulaikak berak Angel Toña Enplegu sailburuari egin zion interpelazioa. EAko militante eta EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu zizkion orduan, ea zer neurri hartu behar zuen Lakuako Gobernuak gazteek bereziki pairatzen duten lan prekarietateari aurre egiteko, eta “Toñak –dio Zulaikak– argudiatu zuen arazo horren oinarrian Estatuko lan legislazioa dagoela. EH Bilduk ere hala uste du; horregatik galdegiten dugu Jaurlaritzak lan erreforma aplikatu ez dezala ahalmen hori duen eremuan, hau da, sektore publikoan; lan erreforma ezin da Urkulluren Gobernuaren aitzakia izan langabeziaren eta prekarietatearen aurka neurri benetan eraginkorrak ez hartzeko”.
Horren ildotik, “prekarietatea gero eta handiagoa dela ikusirik”, EH Bilduko legebiltzarkideak ondorioztatzen du Jaurlaritzaren enplegu politikak porrot egin duela. Hortaz, ezinbestekotzat jotzen du bestelako neurriak hartzea, eta hala aldarrikatuko du bihar Osoko Bilkuran. Bere mozioak, zehazki, lan erreforma ez aplikatzeko eskatzeaz gain, Gobernuari galdegiten dio enpresekiko harremanetan erreforma hori aplikatzeari uko egiten dioten konpainiak aintzat har ditzala eta lehentasuna eman diezaiela. Halaber, eskatzen dio erreformak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan dituen ondorioei buruzko txostena egin dezala eta egoera iraultzeko alternatibak proposatu ditzala.