Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta EH Bilduko legebiltzarkide den Eba Blancok hitz egin du gaur Amiantoaren Biktimen Konpentsazio Funtsa Sortzeko Legeari babesa emateari buruzko eztabaidan. Proposamen horren bidez, Eusko Legebiltzarrak Diputatuen Kongresuari eskatzen dio errespeta dezala bidalitako proposamenaren espiritua eta azkenean onartzen den arauak ez dezala indargabetu hasierako testua, ahalik eta adostasun handiena bilatuz biktimen eta haien familien berehalako erreparazioa lortzeko.

IMG-20220324-WA0000

“Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsak laster argia ikusiko zuela enegarrenez pentsatzen genuenean, are gehiago EH Bilduri esker urte honetarako 25 milioi euroko aurrekontu-izendapena ere bazuenean; PSOEk Madrilen eman duen 180 graduko birarekin egin dugu topo”, salatu du Eba Blancok.

“Ikusi dugunez, legebiltzar-talde honek, aurkeztutako zuzenketen bidez, konpentsazio horretatik kanpo utzi nahi ditu lanean izandako esposizioen ondorioz kaltetuak izan diren langileak”, kritikatu du.

Gainera, kezkatuta agertu da: “Inguruan edo familian izandako esposizioengatik gaixotu diren biktimak konpentsatu nahi dira, badaude eta garrantzitsuak dira. Beti defendatu izan dugu konpentsazio hori, justiziazkoa delako. Baina gehigarri bat dago, konpentsazio hori mugatu nahi da pertsona horiek gutxienez % 33ko ezintasun iraunkorra aitortua izatera eta pentsio edo prestazio baterako eskubiderik ez izatera”.

Eba Blancoren ustez ,”legearen espiritua horrela interpretatzea hemen aho batez onartu dugun proposamenaren aurkako erasoa da. Horregatik guztiagatik, espero dugu legez besteko proposamen honen bidez zuzenketa horiek ez onartzea Madrilen, edo PSOEk kentzea, beste eszenatokirik ulertzen ez dugulako.”

“Gaur egun eskatzen dugun gauza bakarra legearen espiritua errespetatzea da, testuan jasotako biktima guztiak kontuan hartzea, ez baitago lehen eta bigarren mailako biktimarik”. “Ezin dugu gai honetan beste atzerapauso bat onartu”, ondorioztatu du.