• Garai korapilatsuak bizi ditugu Euskal Herrian. Iparralden Herri Elkargoa sendotzen eta gatazkaren ondorioei irtenbide egokia ematen dabiltzan bitartean Hegoalden inboluzio edo atzerakada demokratiko baten lekuko ari gara izaten.

• Espainiar gobernuak Kataluniaren aurka konstituzioaren 155. artikuloa aplikatu zuenetik Damoklesen ezpata gainean daukagu uneoro askatasun, demokrazia eta herritarren borondatean sinisten dugunok, jakin badakigulako 155a espainiar batasuna ziurtatzeko tresna ezinbestekoa bihurtu dutela, Katalunian zein Euskal Herrian erabiltzeko.

• Batasuna, demokrazia eta bakearen kultura, Erabakitzeko Eskubidea gauzatzeko zutabe nagusiak dira, jakinik ere bide baketsuen hautua egin arren espainiar errepresioa ez dugula ekidingo. Metodo bortitzak erabiltzen ditu espainiar estatuak; kartzela, indarkeria poliziala, legedi politizatua eta politika judizializatua, presio diplomatikoa… Zailtasunak zailtasun, bakegintzan sakonduz eta gure norbanako zein Herri gisa ditugun eskubideen jabe eginez, eta hauek gauzarazteko elkartasun politiko eta soziala indartuz lortuko dugu burujabetzarako bideari ekitea.

• Herri gisa aurrera egin nahi badugu, burujabetza lortu gure etorkizunaren jabe izateko, batasun politikoa behar beharrezkoa zaigu erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politiko, sindikal eta sozialen artean, eta baita norbanakoen artean ere; gure etorkizuna guk hausnartu, erabaki eta egikaritzea dugu eskutan.

• Demokrazia gizartearen borondatean oinarritu behar dugu, eta berau izan behar da eman beharreko pauso guztien zilegitasunaren zutoina. Demokraziaren eta Giza Eskubideen oinarri hori Europar Batasuneko erabaki mahaietan jarri behar dugu, sinetsita baikaude, eta horrela frogatzen ari da Katalunian, Korsikan, Eskozian, Flandrian… XXI mendea Autodeterminazioaren mendea izango dela.

• Euskal Herritarrak ez gaude eroso espainiar edota frantziar legepean, ez baitira gure beharretara egokitzen diren legeak edo gobernuak. Pentsiodunak, emakumeak, irakasleak, zaintzaileak,… kaleak hartzeak argi utzi du hori. Gure behar, gogo eta nahien baitan antolatu behar dugu gure burua, eta horrela gobernatu gure Herria. Gure hizkuntza, kultura, hezkuntza, lan edo eta babes sozial eredu propioa izatea nahi badugu erabaki ahal izan behar dugu eta hori gure esku daukagu.
GORA EUSKAL HERRI ASKE ETA BURUJABEA!