Nazioarteko Emakumeen Egunaren agiria

Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Biltzarrak, Kopenhagen bilduta, emakumezko guztien sufragio unibertsalaren aldeko aldarrikapena berretsi zuen 1910eko abuztuan eta, Clara Zetkin alemaniarraren proposamenari jarraituz, martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen.

Boto eskubidea ez ezik, bestelako funtsezko eskubideak ere aldarrikatzen ziren, hala nola, kargu publikoak betetzeko eta lan egiteko eskubidea, hezkuntza eskubidea eta lanean diskriminaziorik ez pairatzeko eskubidea. Hau da, erabakiak hartzeko prozesuan aktiboki parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen zuten, parte-hartze aktiboa, berdintasun egoeran, formakuntzaz eta independentziaz, hain zuzen ere. Finean, plaza publikoan aktore izateko eskubidea eskatzen zuten.

Gaur egun, bizi garen jendartean, boto eskubidea bermaturik dugu eta emakumeok parte hartzen dugu instituzioetan. Erronka da parte-hartze horrek balio izan dezala emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko eta sendotzeko; bide horretan asko dago oraindik egiteko, nahiz eta emakumeon eskubideen konkista teorikoak gutariko askok berdintasun-sentsazio faltsua izatea eta gure eskubideen aldeko borrokan arreta geldotzea ekarri duen.

Hala ere, borroka feminista beharrezkoa da oraindik. Eta 1910ean aldarrikatzen zen gauza bera eskatzeko gainera; hots, bizitza publikoan aktore izateko gure eskubidea, gure burua familiara eta eremu pribatuetara soilik ez mugatzeko eskubidea.

Gure eskubidea guk geuk erabakitzeko gai garen herritarrak bezala tratatuak izateko, geure bizitzaz eta geure gorputzaz erabakitzeko gai, inoren tutoretzarik gabe.

Gure eskubidea bakarrik emakumeak izateagatik indarkeria pairatu gabe bizitzeko, bai eta botere publikoek, krisiaren gainetik, hori hala izan dadila bermatzeko ere.

Gure eskubidea atseden hartzeko, lan-jardunaldiak etengabeak izan ez daitezen, etxetik kanpo eta barruan. Babesa, instituzionala ere bai, jasotzeko eskubidea, gure bizkar gainean jartzen baita pertsonen zaintzari dagokion ardura osoa.

Gure eskubidea lan duina izateko, independenteak izateko aukera emango diguna, lan legediak ama izatea erabakitzen dutenak kaleratzea erraztu ez dezan eta enpleguaren prekarizazioa areagotu ez dezan, prekarizazio horrek batez ere emakumeok okupatutako lanpostuei eragiten dielako.

Gure eskubidea berdintasunezko hezkuntza jasotzeko, emakumezkoak eta gizonezkoak elkarrengandik gero eta gertuago egongo diren jendarte batean bizi ahal gaitezen, berdintasuna eta generoen arteko errespetua sustatzeko ekimen zehatzak bultzatuz.

Gure eskubidea gure gaitasunen arabera tratatuak izateko, eta ez gure generoaren arabera.

Gure eskubidea, azken batean, herritar aktiboak eta libreak izateko.

Eta gure eskubideak bermatzearren ezinbestekoa da genero-kontzientzia duten emakumeek parte har dezatela eragiten diguten erabakiak hartzen diren guneetan, ‘publikoa’ kudeatzen den tokietan; beharrezkoak gara aurrera egiteko. Eta harro esan dezakegu Eusko Alkartasunak arlo guztietan emakume baliotsuak, gaitasun handikoak eta arduratsuak dituela. Oinarrian aritzen diren militanteek zein erantzukizun instituzionalak dituztenek, guztiek lan egiten dute emakume eta gizon erantzukideek eta libreek osatutako Euskal Herri bat eraikitzearen alde.