Genero ikuspegia zerga sisteman sartzeko prozesu parte hartzailea zabaltzea proposatuko du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean, Nerea Martínezek iragarri duenez. Arabako Foru Aldundiak dituen datuetatik abiatu behar da prozesua, esan du Martinezek; gizarte esparrutik, feminismo, unibertsitate eta erakundeetatik datozen ekarpenekin aberastu, eta Zerga Koordinaziorako Organora iritsi.

Podemosek Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran zerga sistema feministari buruz aurkeztutako mozioaren eztabaidan egin du iragarpena Martínez, EH Bilduko batzarkidea eta EAkideak. Batzarkideak insistitu duenez, gaia Zerga Koordinaziorako Organoan eztabaidatu aurretik prozesu parte hartzailea egin behar da, “prozesua ZKOa osatzen duten sei pertsonen artean egin beharrean”. “Zerga sistema feminista lortzea ez da erraza baina bai presazkoa eta ez legoke sei pertsonen eskuetan bakarrik egon behar”, adierazi du.

Helburua Euskadin egiten diren zerga politikei buruzko genero ikuspegia duen diagnosia egitea da, zerga zama eta onura fiskal bakoitzak genero arabera duten eraginak aztertuz, eta genero ikuspegia duen gida egitea ondoren.

Gai ordenaren beste puntu batean, Pertsona Fisikoen Errenta Zerga aldatzea defendatu du Martinezek, hain zuzen ere lanera joateko garraio kolektiboa gauzaz ordainsari bezala hartua izan dadin eta zerga sistematik kanpo geratzeko. Batzarkideak esan duenez, zerbitzu hori erabili nahi duten pertsonei erraztasunak eman behar zaizkie, ingurumenean eragin positiboa duela eta errepideetako trafikoa gutxitzen laguntzen duela kontutan hartuta.