Idazkari nagusiak EAk Biltzar Nagusian onarturiko txostenak aurkeztu ditu

Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek ekaineko Biltzar Nagusian onarturiko txostenak aurkeztu ditu gaur goizean Donostian egindako prentsaurreko batean. Urizarrek berak adierazi duenez, “EA alderdi abertzalea, autodeterminazioaren aldekoa, euskararen eta kulturaren defendatzailea eta sozialdemokrata da”.

Idazkari nagusiak azaldu zuenaren arabera, aurrerantzean ere Biltzar Nagusia alderdiaren erabakigune gorena izango da: bertan estatutuak erabakiko dira, ildo politikoa zehaztuko da eta zuzendaritza nazionala hautatuko da. Ekaineko Biltzarrean hartutako erabakien artean, aldaketa nagusia Batzar Nagusiari dagokio; izan ere, Batzarra biltzarren arteko organo gorena da eta bere funtzioak indartu egin dira.
  
Egungo egoera politikoari begira, alderdi abertzaleen arteko elkarlanaren beharra azpimarratu zuen Urizarrek. Bere hitzetan, “tristea da espainiar alderdiak gutxieneko akordioetara iristeko gauza direla ikustea eta geuk, abertzaleok, gaitasun hori ez edukitzea; gainera, horren ondorioak gu geu pairatzen ari gara, gaur egun partida besteak irabazten ari direlako”.

ANV-EAEren taldeak desegiteko Auzitegi Gorenaren agindua ere hizpide izan du EAko agintariak; bere iritziz, “euskal gizartearen zati bat baztertzen duen erabaki politikoa da eta indarra emango die sektore horretan, bide demokratikoak eta politikoak itxita daudelakoan, indarkeria justifijatzen dutenei”. Urizarren esanetan, “sektore politiko bat baztertzeko erabakia euskal gizarteak hartu behar du, ez epaileek, eta horrela egin du beti, bizkarra emanez, planteamendu politiko bat desegokitzat jo duen bakoitzean”.

“Dinamika horrekin, ordea, euskal egoera politikoa faltsutu nahi dute, eta horretan ari dira orain, bloke konstituzionalista horretaz baliatzen baita gehiengoak lortu ahal izateko”, erantsi du EAko idazkari nagusiak.

Azkenik, Auzitegi Gorenaren epaiaren benetako eragina murriztu du Urizarrek, udal gehienetan ANV-EAEko zinegotziak jadanik talde mistora pasatu direlako: “Pauso hori Garzonen autoaren ondorioz eman zuten eta, beraz, orain ez da azken hilabeteotan baino arazo gehiagorik egongo”.

Jatorria: EA