EH Bilduk Euskal Bidea elkarlanean adosteko eta jorratzeko eskaintza berretsi du gaur Legebiltzarrean, euskal jendarteak zuzenean erabaki dezan zer motatako politikak nahi dituen arlo guztietan, politikoetan, ekonomikoetan zein sozialetan, ongizatea eta justizia soziala bermatze aldera. Hala azaldu dio EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek Urkullu lehendakariari, “gure herriaren etorkizuna ezin daitekeelako beste batzuen borondatearen baitan egon; euskal herritarron erabakia behar da izan marra gorri bakarra”. Izan ere, “herritarren ongizatea baztertzen duen eredua inposatzen ari zaigu Europan eta euskal herritarren ongizatea helburu ez duten erabakien menpe gaude; hori da aldatu behar dena”. Horretarako, aldaketa politiko, sozial eta ekonomiko hori gauzatu ahal izateko, “eskura ditugun baliabide guztiak, politikoak, instituzionalak eta sozialak, erabili behar ditugu eta instituzioak ere naziogintzarako eta estatugintzarako tresna bilakatu behar ditugu. Hori da Euskal Bidea, hori da proposatzen duguna, idatzi gabe dagoen etorkizuna denon artean hemen idaztea eta hemen erabakitzea”.

Iñigo Urkulluk, ordea, mespretxuz erantzun dio EH Bilduren gonbiteari eta espainiar Estatuarekiko itunaren aldeko apustuari eutsi dio, Euskal Bideak, bere hitzetan, iraultza eta ezegonkortasuna ekarriko lituzkeelakoan. Urizarren ustez, lehendakariak burujabetzaren bidean aurrera ez egiteko EAJren borondate falta agerian utzi du berriro ere. Dioenez, “iraultzailea izango litzateke behin betikoz EAJk noizbait prest egotea bere itsasontzi guztiak erretzeko herri honen alde; hori bai izango litzatekeela iraultzailea”.

Ildo horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak aldebikotasunaren mugak gogorarazi dizkio Urkulluri, bistan delako Madrilen ez dagoela adosteko inolako asmorik eta Estatuaren erantzuna ezezkoa izango dela beti, behin eta berriz. Hori dela eta, berretsi du Urizarrek, “aukera bakarra adostasuneko bide propioa egitea da; 1978an hasitako ziklo politikoa amaitzear dago eta gure eredu eta bide propioa egiteko ordua heldu da. Ezin da Forondako zelaietan Alderdi Egunean botatatako hitz hutsaletan gelditu”.