Ulergarria ez ezik, logikoa izan daiteke “Gilets jaunes” edo “txaleko horiek” piztu duten amorrua. Energiaren faktura urtez urte bikoizten denean, eta hile bukaerara ezin heldu zabiltzanean, errebolta zilegi da. Finean, kontratu sozialak balioa du soilik politikak justuak direnean. Eta neurri politikoak justuak ez badira, ez dago ez justiziarik, ez politikarik, are gutxiago ongizate estaturik.
Zaila zaigu mugimendu honen aldarrikapen zehatzak argitzen. Kontua da azkenik, 3 asteko protesten ondoren, Frantziako gobernuak atzera egin duela tasak igotzearekin. 2019ko urtarrilaren batetik indarrean jarri nahi zuten zergen igoera 6 hilabetez (behintzat) atzeratu dute. Baina gasolinak sua hartu du aspaldi, eta txaleko hori batzuen protesta zena orain, suhiltzaileena bilakatu da, osagileena, irakasleena, gidariena…
Orain, azter ditzagun, banaka-banaka gai honek hartzen dituen hiru ardatzak: Ongizatea, giza neurria eta lurraldetasuna.
Ongizatea: Ezkerretik eta ongizate estatua defendatzen dugunon aldetik, kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzen ditugu, eta horretarako zerga sistema progresiboa beharrezkoa da. Gehien duenak gehiago ordain dezala, eta bakoitzaren ondasunaren arabera ordaindu ditzala zerga hauek, betiere birbanaketa solidario eta justua helburu. Orain hain indartsu dauden eskuineko alderdi politiko batzuk proposatzen duten zergen beherapenak zerbitzu publikoen degradazioa dakar halabeharrez, eta euren ahotan hain goxoki darabilten “modernizazioak” ez dakar ongizate soziala, enpresa gutxi batzuen mesedeko pribatizazio soila baizik. Honek atera beharko gintuzke kalera, eta ez zergak jaisteko aldarriak.

Giza neurria: Autoa jaun eta jabe den garai honetan, etxebizitzen prezioak sabairik ez duen honetan, desjabetzen ondorioz geroz eta jende gehiago kale gorrian dagoenean, herrietan lanik ez dagoenean eta komertziogune handiek herrietako komertzio txikiak itxiarazi eta kanpoaldera –autoz- mugiarazten gaituztenean… zerbait gaizki hari gara egiten. Apeta indibidualen alde egin behar al du edozein gobernuren estrategiak, modelo liberal bat jarraituz, ala herritarren neurrira eginiko hirigintza eta mugikotasun ereduak sustatu behar ditugu? “Kilometro zero” kontzeptua ez luke soilik elikagaientzako behar; lanarentzako, zerbitzuetarako, eta nola ez, herritarrentzako ere. Kaleak berreskuratu behar ditugu; zentzu guztietan.

Lurraldetasuna: Puntu honetan Iparraldeko ikuspuntutik aztertuko dugu gaia, Hegoalden badagoelako “autonomien estatua” apurtu eta jakobinsmo frantziarra kopiatu eta bultzatu nahi duenik. Elkargoa sortu zen orain ia 2 urte. Lorpen handia ezbairik gabe. Baina ezin gara lorietan geratu, eta orain erakunde hori edukiz betetzea tokatzen zaigu. Askatasun politikotik urruti oraindik, baina horrelako kasuak egoki kudeatzeko eskumenak garatu behar ditu. Hala, Parisera begira bizi ordez, periferia garela sentituz, zentralitatea hartu eta erabakiak bertotik hartuz aurrera egin, eta Nafarroako zein EAEko gobernuekin lankidetza areagotu. Izan ere, badirudi gertuago dugula Andaluzia Hendaia baino, eta badirudi Paris gertuago dugula Gasteiz edo Iruña baino. Periferia ikuspegi kontu bat da; alda dezagun bada fokoa, eta jarri gaitezen gu erdigunean.
Eta jendea mugiarazteaz gabiltzala, ultraeskuinak mobilizatzeko indarra ezin dugu alboratu. Europan geroz eta nabariagoa den ultraeskuinerako biraketak Frantzian eta Espainian ere badu bere etorria. Eta norbaitek esan dezake ideia guztiak direla errespetagarriak. Ideiak bai, baina ideologia faxista baten atzean dauden politikak ez. Ez ba. Argi, ozen eta zabal diogu emakume, klase sozial xume, etorkin, LGTBI, zahar, subiranista, eta gazteen eskubideen aurka, justizia sozialaren aurka, zerbitzu publikoen aurka, erabakitzeko eskubidearen aurka doazen neurri eta indarrak ezin direla errespetatu. Hare gehiago, aurre egin behar zaie.
Guzti honek balio beza gurean injustiziei nola egiten diegun aurre aztertzeko. Lehen aukera, abenduaren 6 honetan dugu, eguerdiko 12tan Bilboko Eliptika plazatik hasita, aske izaten uzten ez gaituen eta subditotzat gaituen erregimen monarkiko baten aurrean jende librez, eskubide sozial, politiko eta zibil guztiak babestuko dituen Euskal Errepublika aldarrikatzeko!

Iria Epalza Markoartu
Eusko Alkartasunako komunikazio idazkaria

Abenduak 6