Sistema publikoa indartzeko, ekonomia suspertzeko eta pertsona ahulenak babesteko erreforma fiskala egiteko EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan aurkeztutako zerga sistema aldatzeko proposamena aurkeztu du Nerea Martinez batzarkideak. Euroguneko estatuen presio fiskala berdintzea, iruzurraren aurkako borroka indartzea eta sistemaren progresibitatea dira proposamenaren ardatza. Gainera, Nerea Martinezek esan duenez, hori lortzeko modu eraginkorrena subiranotasun fiskal osoaren ahalmena da.
Osasun larrialdiak ezarritako mugek markatutako Osoko Bilkura egin dute gaur Batzar Nagusiek eta Covid 19ko biktimak eta funtsezko zerbitzuetan lan egiten duten pertsonak gogoratuta hasi du bere hitzaldia Nerea Martinezek. Batzarkideak azaldu duenez, EH Bilduren ekimenaren helburua krisi sozio-ekonomikoari aurre egitea da, eta krisia sistema publikoa ahultasun egoeran dagoela azpimarratuz, azken krisiaren ostean abian jarritako austeritate politika eta egindako murrizketen ondorioz, hain zuzen ere.
Egoera horretan “ezinbestekoa da zerga-sistema sendoa izatea, erakundeen diru iturri gisa, diru-kutxa publikoek sarrerak behar dituzte, herriaren garapenak finantza eta zerga sistema egokia behar du”. Halaber, erreformak pertsonen benetako ahalmen ekonomikoa kontutan hartuko duen zerga sistema bultzatuko du.
Ohikoa denez, EAJk eta PSEk duten gehiengoaz baliatuta aldaketarik eta konpromisorik gabeko zuzenketa bat onartu dute.