Gure gizartean nagusi den matxismoaren kontrako borrokak lehentasuna izan behar du erakunde guztientzako. Emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasunik gabe ezin da gizarte justizia egoera eraiki, ezta Ongizatea Estatua mamitzen duten ezaugarriak lortu.
Emakumearen aurkako biolentzia kontrako eguna da gaur eta argi dago tratu txar fisikoak eta, oraindik gehiago, emakumeen hilketak, matxismoaren alderik larriena direla. Baina egia da ere ezin dela emakumeen kontrako biolentzia fisikoari buruz testuingururik gabe aztertu.
Emakumeari tratu txarrak ematea baino askoz ere gehiago da matxismoa. Hala ere berdintasun legalaren balizko bermearekin erreza da nahastea eta arazoa txikia dela pentsatzea. Baina ez. Matxismoak, sistema matxistak dena kutsatzen du, jostailu dendetatik hasi gure herriko jaiak arte, koadrila eta bikote barruko harremanak eta lan giroa barne. Dena.
Eta, duela urte batzuk kontrakoa uste genuena gezurtatuz, belaunaldi gazteetan ez dela matxismoa desagertzen da ziurrenik larriena. Matxismoak ez du belaunaldi edo klase sozialik ezagutzen. Ez. Kontrakoa, matxismoak hor dirau eta bizimodu berriek, teknologia berriek, larriago egiten dute.
Horregatik, matxismoaren ondorioei aurre egitea, benetako berdintasunaren alde lan egitea ez da erreza, salbuespenik onartzen ez duen eguneroko eta zeharkako ahalegina eskatzen du. Asko dira berdintasunaren alde lan egiten dutela serio asko esaten duten erakunde, alderdi eta eragileak. Eta ziurrenik hala sinistu egiten dute ere. Baina urtean zehar egiten duten lana zapuztu egiten duen ekitaldiak onartu eta, okerrago, babestu egiten dituzte.
Erakundeak aurrekontuak egiteko prozesuetan daude. Berdintasunaren aldeko adierazpenak egitea eta tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeei zuzendutako zerbitzuetan eta kontzienziazio lanetan murrizpenak egitea bateragarria dira? Hala dirudi, egunero ikusten baitugu, baina hipokresia hutsa da.
EAJ eta PSEk matxismoaren kontrako adierazpenak egin eta Irun eta Hondarribiako alardeetan ematen den matxismo instituzionala eta soziala babestea bateragarria dira? Antza bai!
Eta hortxe dago hutsegitea. Matxismoaren kontrako borroka globala da, zeharkakoa eta ez du salbuespenik onartzen. Salbuespenak egitekotan, matxismoa garaile ateratzen da.
Ezkerrean argi dugu gizartearen eraldaketa feminista izango dela. Bestela ez da aldaketa izango. Gizartearen erdia –emakumeak ez baikara gutxiengo bat- kanpoan uzten duen Ongizate estatua ez da Ongizate estatua. Erabateko eraldaketa bultzatzeko dauden oztopoak ez dira kasualitate, sustrai sakonak ditu: eraldaketa feminista osoa da, guztiok eragiten digu gure bizitzaren arlo guztietan. Horregatik, batzuk ez daude prest.