Heltzear dagoen atzeraldi ekonomikoari aurre egiteko dituen bide guztiak erabil ditzan eskatu dio Leire Pinedok Eusko Jaurlaritzari. “Atzeraldia hemen dago; aurre egin behar zaio eta horretarako behar diren tresnak ditugu: euskal gizartearen onerako erabil ditzagun”, eskatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Era berean, “bihar berandu izan daitekeela” gaineratu du.
Iragarri den atzeraldiari aurre egiteko gastu eta inbertsio publikoaren aldeko apustua estrategikoa da EH Bildurentzat, Pinedok gogoratu duenez: “Nabarmena da ekonomiaren abiadura moteldu egin dela eta horren aurrean Eusko Jaurlaritzak gastu eta inbertsio publikoari bultzada ematea urgentea da”.
Era berean, Madrilek ezarritako mugei aurre egiteko ere eskatu du: “Estatuak ezarritako kortseak gainditu behar dira, gure autonomia finantzarioa martxan jarrita”.