1935eko ekaineko 3an Pagoeta mendian gurutzea jartzeko lanak utzi zituen gizon batek bat-batean, semea jaiotzear zegoela abisua jaso zuenean. Haur hori “Gipuzkoako alkatea” bihurtuko zen, Imanol Murua.

Pagoetako gurutzea, Zarautzen faltan botatzen dugun sinboloak Imanolen adin bera izango luke. Gurutzeak aztarna utzi zuen Pagaoetan, Imanolek Zarautz eta Gipuzkoako gizarteetan utzi zuen bezala, batez ere bizitza publikoan izan zuen ibilbide eredugarriarengatik.

Garai gogorrean jaio zen -aita, gudaria; ama eta anai-arrebak, herbestean; familiaren baserrian bizi zen amonarekin- eta zortzi urterekin hasi zen cady lanetan Iñurritzako golfean. Geroxeago Antonianos-etan irakasle lan egin zuen Muruaren nortasuna eraiki zuten txikitatik bizi izan zituen baldintza zail horiek. Franquismoaren azken urratsetan sartu zen politikan, Zarauzko Udalean eta oso helburu jakin batekin: 1976ean zabaldu zen ikastola sortzea. Geroago, zinegotzi eta alkate izan zen; Kultura diputatua eta ahaldun nagusia.

Aztarna utzi zuen Muruak erakundeetan izaera, ideien sendotasuna eta zintzotasunarengatik. Gurtel eta erositako masterren garaian, zaila da Imanol Muruak bere bizitzan zehar izandako zintzotasun eta koherentzia ulertzea, eta horrexegatik ordaindu behar izan zuena.

Imanol Muruari, golfean aritu eta txalupan arrantzan egitea maite zuen gizon lasaiari, presio jasanezina egin zioten Leitzarango autobidearen ibilbidearen eztabaidaren garaian. Eta ez zuen amore eman, koherentzian eta kontzientziak esaten zionari jarraituz aritu zen.

Hainbeste urte eta gero, Leitzarango autobidearen kapitulu iluna gogoratzea EAJren traizio eta Herri Batasunaren jokoaren historia eta Imanolen koherentzia gogoratzea da. Jarrera etikoa izan zuen Muruak garai horretan, autobidearen ibilbidea aldatzeari ezezkoa mantenduz. Izan ere, bera ziur zegoen kontrakoa egitea prebarikatzea izango zela, are gehiago, ibilbiderik seguru eta sostengarriena zenbait talde ekologisten kanpainan defendatutakoa eta tamalez ETAk prostituitutakoarengatik aldatzea Gipuzkoako gizarteari iruzur egitea zela uste zuen.
Imanol Murua Gipuzkoako ahaldun nagusi izango zen ibilbidea aldatzea onartu izan balu, eta berak bazekien, HBk EAri hala baieztatu ziolako. EAJk bai urgentziazko ibilbide aldaketa onartu zuen, HBk ez zizkiola botoak EAri emango bermatuta, eta PSErekin Gobernua osatzeko aukera lotuz. Gauzak zer diren, gaur Zarautzen eta Gipuzkoan sufritzen dugun gobernu formula bera.
Gipuzkoako historia ezberdina izango zen Imanol Muruaren koherentzia zabalduagoa egongo balitz politikaren munduan. Baina ez daude bera bezalako asko. Imanol ez zen bide errazetik doazen horietakoa. Bakezale amorratua, Espainiako armadaren eta Justiziaren presioa ere jasan behar izan zuen, zerbitzu militarra egiteko behar ziren zerrendak emateari uko egin zionean. Guztia intsumisio mugimenduaren garaietan, derrigorrezko “milia” kendu aurretik.
José Ignacio Iruretagoyena PPko zinegotziaren hilketa ere une gogorra izan zen Muruaren bizitza instituzionalean. Eta berriro ere bere maila erakutsi zuen, diskurtso etiko garbiarekin eta giza eskubideen aldeko jarrera demokratikoarekin.
Muruaren heriotzaren urtemuga betetzen den egun hauetan, Zarauzko EAk udalerriko hainbat lekutan aztarna utzi zuen gizona gogoratu nahi du, baina bate zere ikusten ez dena aldarrikatuz: zintzotasuna, politika zerbitzu publiko bezala ikustea, eta maila politikoan eta pertsonalean koherentzia mantentzea. Imanol bezalako pertsona gehiago behar ditugu.
Mikel Goenaga
EAko koordinatzailea Gipuzkoan eta EH Bilduko zinegotzia Zarautzen

murua 10 urte