Eusko Jaurlaritza berriaren inguruak haserre erantzun die egin berria den hezkuntza grebaren deitzaileei, haien helburu politikoak aipatuz eta Gobernua hautestontzietan herritarrek adierazitako borondatetik atera dela esanda. Biak egia, noski. Grebek helburu politikoak dituzte: Gobernua mugiaraztea; eta Jaurlaritza hautestontzietatik atera da. Baina egia da, jendarteak eman nahi izan ez dion gehiengo osoa eman diola Hauteskunde Legeak egungo Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, duela lau urte baino askoz ere boto gutxiago eskuratuta, 38 eserleku baino gehiago lortzeak ematen duen erosotasuna izango du Urkulluren Exekutiboak, baita inoren ekarpenak kontutan ez hartzeko aukera ere.
Bitxia da hori gertatzea gehiengo sozialak, zer pentsatzen duen eta zer bozkatzen duen alde batera utzita ere, sistemak aldaketak behar dituela uste duela argi dagoenean. Seguruenik, jende askok aldaketak “betikoa” bozkatuz ere etorriko zela uste izan du, pandemiak hain nabarmen utzi baitu aldaketen beharra. Hori horrela izan bada, huts egin dutela esan beharko da, EAJk eta PSEk egoera larri eta berri horri aurre egin nahi dioten Eusko Jaurlaritza dezepzioa izan da.
Autokritika falta da osatu berri den Eusko Jaurlaritzaren ezaugarri nagusienetakoa, jeltzaleek eta sozialistek beste esparru batzuetan beste batzuei sarri eskatzen dieten autokritika: “grebak”, adibidearekin jarraituz, “Jaurlaritza higatzeko dira”, tematu dira EAJ eta PSE. Ezinezkoa da Lakuan greba hezkuntza publikoarekiko kezkatik eta konpromisotik sortu dela planteatzeko haina enpatia duen inor ez egotea. Askoz zintzoagoa zatekeen Murga, Uriarte eta Beltran de Herediaren irteera eta Arriolaren birkokapena esparru horiek behar dituzten aldaketekin konprometitutako diskurtsoarekin laguntzea.
Xabier Arzalluzek EAJren mitxelinei buruz hitz egin zuenetik bi hamarkada baino gehiago igaro direnean, pneumatikoen enpresako panpina ezaguna izan liteke Eusko Jaurlaritzaren logoa. Lehendakaritzatik gertu dauden sailburu eta gainerako aholkulari gehienen curriculuma ikustea baino ez dago, gobernua osatzen duten bi alderdien eta sailetarako haiek izendatutako pertsonen beharren neurrira egindako jantzia da Jaurlaritza berria. Argi dago klase politiko profesionala dugula, eta gizartearen gehiengoak ez duela ulertzen, ez dugu ulertzen, pertsona batzuek lan baterako edo besterako berdin berdin balio izatea.
Ezinbestekoa da galdetzea nola liteke, Cristina Uriartek Hezkuntza Saila uzteko arrazoiak badaude, orain lan horrekin lotutako gaietan erantzukizunak ematea, aurreko lana Urkulluren gustura ere egin ez duenean? Nola sinetsiko dugu Jaurlaritzaren diseinuak kudeaketa onaren helburuarekin egin dela, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila orain Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila bihurtu bada Zaldibarko zabortegiko tragediaren ondoren ere Iñaki Arriola Gobernuan mantentzeko? Nola izan daiteke gure gazteek masterrak eta master gehiago egin behar izatea, arlo jakin batzuetan espezializatzeko, Arantza Tapia, Idoia Mendia, Bingen Zupiria, Beatriz Artolazabal, Iñaki Arriola edo Jokin Bildarratzek zinegotzi, alkate, legebiltzarkide, senatari, foru diputatu edo Eudeleko lehendakari izateko berdin berdin “balio” dutenean? Arraroa, batez ere Athetic baino harrobi hobea duela harro esaten duen EAJren kasuan.
Gobernu berriaren osaketa dela eta, beste galdera batzuk ere bururatu zaizkigu. Adibidez, ba al dakigu zenbateraino ordaintzen dugun diru publikoarekin hainbat enpresa, -Gobernu berriko kideren baten curriculumean eta jeltzaleen disziplina pean dauden beste kargu batzuenean agertzen den Gizaker kasu-, eta horrek zer suposatzen duen? Beltran de Heredia eta Bildarraitzen artean Senatu-Lakua aulki aldatze hori euskal gizartearen onerako al da?
Ba al dakigu gure zerbitzu publiko nagusien sareak zein neurritan diren ibilbide profesionalean aurrera (gora) egiteko tresna, gaur ospitale bateko zuzendaritzan daudenak, bihar zinegotziak eta etzi Gobernura iritsiko diren hainbeste jelkiderentzat?
Eta, batez ere, guzti hau ez delako kritika pertsonala, baizik eta politikoa; zer ondorio ditu mitxelinak, beren alderdiek aukeratutako politikari profesionalak, kokatzeko beharrak EAJren, PSEren (neurri txikiagoan baino gero eta gehiago) eta Eusko Jaurlaritzaren ekintzan? Eragina du, zalantzarik gabe, Arzalluzek ondo zekien bezala: sailen egitura sailburuen arabera aldatzen denean, Ingurumenaren kasuan bezala, hutsuneak eta argitu gabeko arazoak uzten direla jakinda; Arabako adingabeen zentroetako polemikaren ondoren, foru diputatu bat lan instituzionalean jarraitu behar duela erabaki eta gorako bidean laguntzen dutenean; Lehendakaritza berrantolatzen denean Emakunde lekurik gabe utzita, zeharkako arloa izateaz gain, legez hor egon behar duenean…
Badirudi derrigortuak izan diren izen eta aulki aldaketa horiek legealdiko bakarrak izango direla, Gobernua horretara behartzen ez badugu behintzat. Eta hori bakarrik gertatuko da EH Bilduren ekarpen eta kritika eraikitzailean oinarritutako ekintza politikoaren bidez. Eusko Alkartasunak ondo daki zein zaila den EAJ mugitzen lortzea, baita Gobernu barrutik lan eginda ere, baina gogor saiatuko gara, etorkizuna baitugu jokoan. EH Bilduk hauteskunde-programa oso landua eta osatua proposatu zion Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarteari, hezkuntza, osasuna, industria, enplegua eta ingurumena bezalako gai garrantzitsuetan neurri gauzagarriak bilduz. Eta lan egingo dugu eskariaren eta behar sozialaren errealitateari erantzuten dioten proposamen horiek erakundeen jardueran eragina izan dezaten.
Zalantzarik gabe, Lakuako Gobernuaren lehen urratsei buruzko balorazioa ez da ona, baina espero dugu EH Bilduk dagoeneko lan egiteko hartu duen konpromisoa eta errealitate gordina beraren bultzadaz hasi berria den legegintzaldia ez dela azkena bezala alferrik galduko.