Itsas Gudari Eguna ospatu du Eusko Alkartasunak gaur Bermeon

Nestor Basterretxea “Matxitxakoko guda” eskulturan ohikoa den lore eskaintza egin ondoren, eakide izandako artistaren izena duen aretoan ekitaldi politikoa burutu du Eusko Alkartasunak. Jasone Agirre, EH Bildu Bizkaiako zerrendaburuak eta Eba Blanco, Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusiak parte hartu dute Idurre Bideguren senatariak eta Bermeoko alkate ohiak aurkeztutako ekitaldian.

Itsas Gudari Egunaren zioa azalduz hasi du hitzaldia Blancok: “Egoerak eskatzen duenean, pertsona arruntak heroi bilakatzen dira”, esan du, Zaldibarren lurperatuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen kasuarekin konparatuz, beraiek ere “zabor mendia gainera zetorkiela ikustean, beste langile eta kideak salbatzeari” ekin ziotela gogoratuta.

Gaurkotasunari helduta, egun Euskal Herrian “justizia soziala, elkartasuna eta askatasuna arriskuan” daudela esan du Blancok, oasirik ez dela existitzen ere adierazi du, “ez bada Urkulluren Gobernuaren buruetan”.

Horregatik, justizia, elkartasuna eta askatasunaren alde borrokatzen jarraitzeko deia egin du Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusiak: “Balore horiek politikara eramanda, herriari onura ekartzen diolako, EH Bilduk justizia, elkartasuna eta askatasunean oinarritutako herri proiektua eraiki nahi du”.

Duela 40 urte, EAEko eraketa administratiboa eraikitzeko egindako lana gogoratu du Blancok, “Euskal Herriarentzako proiektu burujabe, aurrerakoia eta soziala garatu zen”. Horiekin alderatuta, “oraingo Eusko Jaurlaritzak ez dauka proiekturik: berdin zaio PPrekin edo Podemosekin gobernatu, boterean mantentzea baita helburua, eta horretarako lehen egindako lan eskergaz baliatzen dira”.

Gizarteak dituen erronkei erantzuna emateko “politika aurrerakoiak eta neurri ausartak” behar direla aldarrikatu du Blancok: “Hori da erronka, orain 83 urte Matxitxako parean borrokatu zirenei zor dieguna”.

2020-03-01 12.49.00
20200301_122250
20200301_111953