Nafarroako aldaketaren indarrek indarrean zegoen eta ikurriña debekatzea helburu zuen Sinboloen Legea bertan behera utzi dute, espero den urrats sinbolikoa emanda dago. Bigarren urratsa aniztasuna kontutan hartuko duen Lege ez baztertzailea onartzea da.

Erronka handiak zituen Nafarroak UPN oposiziora eraman zuen aldaketa politikoa gauzatzean, batez ere Barcinaren Gobernuak Ongizate Estatuaren zerbitzuen arloan egindako murrizketak, ustelkeriak,… eta abarrengatik. Hala ere, Sinboloen Legean aurreikusitako aldaketek jakin-min handia sortzen zuten, eta hori aldaketa bultzatu zuten alderdiak beti oso argi hitz egin dutela legea bertan behera uzteko beharraz. Zalantza gutxi zegoen, beraz.

Bere egunean, Eusko Alkartasunak argi utzi zuen orain arte indarrean egon den Legea “Nafarroako ikuspegi baztertzaile eta fundamentalista” batetik egin zegoela, “nafar jendarteak onartzen eta sentitzen dituen sinboloak” debekatuz.

Egia esan, UPN eta PSN –edo bere zuzendaritza behintzat, ez horrenbeste militantzia- kenduta, beste indar politiko guztien ustez Sinboloen Legeak ez du Nafarroako aniztasuna islatzen, bere gizartearen ikuspegi baztertzailea egiten du eta sinbolo zehatz bat debekatzen zuen –ikurriña, noski-, nafar askok berea sentitu arren.

Herrialdean bizi diren gizon-emakumeek dituzten nortasun nazional ezberdinak ahazten dituzte Nafar Parlamentuak hartu duen erabakian inposaketa ikusten dutenek. UPNk ikurriñari “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bandera” deitzen diotenean milaka nafarrek ikurriña bera kateak dituen bandera bezain propio sentitzen dutela ahantzi ere. Eta Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako udal ugaritan ikurriña ere dagoela ez dute kontutan hartzen.

Ez da inposaketarik egongo eredu berriak udal bakoitzaren askatasunean eta erabakitzeko eskubidean oinarria duelako. Udaletxe bakoitzean dauden banderek udalerrian bizi diren pertsonen nortasun eta atxikipenari erantzun behar diote. Eta guzti hori Nafarroakoak diren sinboloak ukitu gabe, horiek dagokien tokian jarraituko baitute.

Estatuak eskaintzen digun eredua baino asko zere demokratikoa da, beraz. Estatuak espainola inposatzen du ongietorria ez den udalerrietan zein eraso sentitzen dutenetan ere.