Sanferminetako bortxaketaren auzian Nafarroako Auzitegi Gorenak 9 urteko kartzela zigorra berresteak, eta beraz bortxaketa baino erasoa izan zela onartzeak, gizartearen aldarrikapenari entzungor egitea dela adierazi du Eusko Alkartasunak. Izan ere, milaka herritar atera zen kalera lehenengo epaia jakinarazi zutenean, justizia patriarkala biolentzia matxistaren zutabeetako bat dela salatzeko. Justiziak esparru horretan jokatzen duen paperak sortzen duen kezkaren adierazgarrietako bat izan da A25ean, Biolentzia Matxistaren Aurkako Eguneko leloak eta aldarrikapen askok injustizia patriarkalari erreferentzia egin ziotela.
Sanferminetako biktimari babes osoa adierazten dio berriro ere Eusko Alkartasunak, eta neurri batean erasoaren ardura egozten dion epaia ezin dela justua izan azpimarratu du alderdiak.

Lohitzune Txarola, EAko Giza Eskubideen idazkaria
Espainiar justiziak zeregin handia du oraindik indarkeria matxistaren biktimak egoki babesteko. Horren adibidea izan da gaur Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran Lohitzune Txarolak aurkeztutako ekimena. Hori abiapuntua hartuta, indarkeria matxistaren kasuetan, eta gurasoen haustura prozesuetan, seme-alabak babesteko neurriak hartu beharra aldarrikatu dute Batzar Nagusiek, Txarolak esan duenez, “haurrek babesteko har daitezkeen neurriei buruz hutsune legala” dagoelako.
EH Bilduko batzarkide eta Eusko Alkartasunako Kontseilu Nazionaleko kidea den Txarolak aurkeztu duen proposamena azkenean onartutakoa baino osotuagoa eta zabalagoa da, baina azkenean EAJk eta PSEk bultzatutako erdibidekoa onartu da.
Indarkeria matxistaren aurkako borrokak ikuspegi orokor batetik garatzearen beharra aldarrikatu du Txarolak: “Indarkeria matxista sufritzen duenak salaketa jartzen duenean, gerta daitezkeen egoera guztiak kontuan izan behar dira, ingurunea eta berezitasunak ere”. Hori bereziki beharrezkoa da seme-alabak dauden kasuetan. Izan ere, batzarkideak azaldu duenez, Nazioarte eta Europa mailako estandarrek horrela lan egin behar dela diote, eta zehazki, haurrak tartean daudenean, “bisitak jartzeko orduan kontuan izan behar dela jasandako indarkeriak eta horrek sortutako eraginak”.
Indarkeria matxista dagoen kasuetan haurrak babesteko prozesuak asko luzatzen dira, Txarolak salatu duenez, eta horrek eragin larriak ditu ume eta nerabeengan: “Ezin da izan, alor penalean indarkeria matxistagatik salaketa bat dagoenean, alor zibilean eskatu behar izatea espreski haurra babesteko neurriak hartzea, bigarren prozesu bat aurrera eramateak denbora galduarazi egiten du”.

Hemen duzu Lohitzune Txarola EH Bilduko batzarkide eta Eusko Alkartasunako Kontseilu Nazionaleko kideak gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako hitzaldia, osorik:

Indarkeria matxista kasuan lege aldaketaz hitz egitera natorren honetan hasi aurretik ez dut esan gabe utzi nahi gaur la manada kasuan ezagutu dugun epaiak lege eta justizia patriarkal baten ondorio dela, eta aldaketa sakon baten beharra dagoela.
Indarkeria matxistak ez ditu soilik emakumeak kolpatzen; umeak eta LGTBI kolektiboa ere erasotzen ditu. 24 ordutan indarkeria matxistak lau hildako utzi zituen, lehenengoa Granadan, Nuria, bere bikoteak erahil zuen labankadaz, beraien semea eskolara eraman eta gero, bigarrena Bilbon, Magette, 25 urteko emakumea hil zuen bere bikote ohiak, bere alabak, gorpuaren ondoan pasa zituzten kasik 24 ordu, bizilagun bati laguntza eskatu zioten arte eta azkenik kastellonen aita batek bere 3 eta 6 urteko bi alabak hil eta buruaz beste egin zuen. Kasu guztietan, indarkeria amak sufritzeaz gain, haurrek ere jasan behar izan zuten, eta nola gainera.
Indarkeria matxistaren aurkako borrokak ikuspegi orokor batetik garatu behar direla argi uzten dizkigute horrelako kasuek. Indarkeria matxista sufritzen duenak salaketa jartzen duenean, erantzun egokia emateko, honek orokorra eta integrala izan behar du. Gerta daitezkeen egoera guztiak kontuan izan behar dira neurriak hartzeko garaian, salaketa jarri duenaren ingurunea eta berezitasunak ezagutu eta kontutan hartu behar dira erantzuna zehazten denean. Nazioarte eta Europa mailako estandarrek honela aurrikusten dute izan behar duela erantzunak. Istanbulgo hitzarmenak emakume zein haurrei indarkeria kasuetan eman beharreko babesaz ari da, eta 31.1 artikuluan dio, bisitak jartzeko orduan kontuan izan behar dela jasandako indarkeriak eta honek sortutako eraginak.
Indarkeria matxista bat ematen denean, lege bidezko protokoloak sortu dira emakumea babesteko, eta indarkeria horri aurre egiten saiatzeko, baina haurrekin kasu horietan gertatzen denari buruz, eta beraiek babesteko har daitezkeen neurriei buruz hutsune legal bat utzi da, eta gero eta haur gehiago daude babestu gabe, eta beraien amaren indarkeria jasan behar izan eta gero indarkeria hori jasanarazi diotenarekin elkar bizitzeko betebeharrarekin.
Espainiar estatuko botere judizialak emandako datuen arabera, indarkeria matxistagatik egon diren salaketa kasuen %2,8an bakarrik hartu da babes neurri gisa aitaren bisita erregimenaren bertan behera uztea. Are gehiago, hainbat azterketen arabera, indarkeria matxistagatik emakumearengandik aldentze neurriak jaso duten gizonezkoen %97k, epailearen aldetik haurren bisita errejimena onartua dute, eta hainbat kasutan zaintza partekatua.
Emakumeen eskubideen aldeko eragileek, Gobernuz Kanpoko hainbat eragilek, Amnesty International erakundeak, eta Botere Judizialak berak ere adin txikikoen babes falta salatu dute beraien inguruan ematen diren indarkeriak sortzen dizkien ondorioei aurre egiterakoan. Frogatuta dago, indarkeria matxistako kasuen aurrean epaileek hartzen dituzten neurrien artean ez dagoela haurrarengan eraginik izango duen neurririk. Epaileak ez ditu ofizioz haurrek bizi duten egoera latzgarriari aurre egiteko neurririk hartzen.
Kastellonen erahildako bi haurren kasuan, lehen aipatutako kasuan, amak aita salatua zuen, gerora jakin genuen azaroan epaiketa zegoela aurrikusia amak eskatua baitzuen zaintza bakarrik beretzako izatea. Ez dakigu epailearen erabakia zein izan behar zen, baina kasu honetan beranduegi iritsi zen. Ezin da izan amaren eskaerari lotutako erabaki bat, ofizioz epaileak hartu beharko lukeen erabakia da, eta horretarako legeak behar dira, epailea gidatzeko legeak.
Kastellonera joan gabe, eta Donostian geratuz, emakume baten kasua ekarriko dut, Sandrak, nazkatuta bere senarraren kolpeaz, eta eskatutako barkamenez erabaki zuen hura salatzea eta etxetik alde egitea. Bi seme zituen, bata 16 urtekoa eta bestea 11 urtekoa, hauek amonaren etxera eraman zituen, bere senarraren amaren etxera, berak haiekin bizitzeko toki bat bilatzen zuen bitartean aitarekin ez uztearren. Amonak beraien ama “puta” bat zela, “gizon” ezberdinekin ibiltzen zela, gezurretan ari zela… esan zien haurrei. Amak, salaketarekin batera dibortzioa eskatu zuen eta zaintza beretzat eskatu zuen, epaileak semeak entzun zituen. Epaileak erabaki zuen, zaintza aitarentzat izango zela eta bisitak amarentzat asteburu bietatik behin. Sandrak epaileari esana zion bere senarrak jo egiten zuela, are gehiago, senarrak urruntze agindua zuen, baina hala ere epailearen erabaki irmoa izan zen haurrak aitaren zaintzapean uztea. Erabaki hau hartu eta 20 bat egunera, aitaren aurkako epai penala iritsi zen, eta harekin zigorra, baina zaintzak aitaren eskuetan jarraitzen zuen. Sandrak helegitea jarri zuen, baina epaia irmoa zen eta ez zegoen helegite aukerarik, kasua itxia zegoen, berriz hasi behar zen gaiaren azterketa neurri aldaketen prozesu batekin. Honek gutxi gora behera urte bat irauten duen gaia da. Bitartean aita kartzelatik atera zen, seme helduenak 18 urte bete zituen eta amarekin bizitzera joatea erabaki zuen, aitarekin bizitzea jasangaitza zelako, eta hor jarraitzen zuen beste nerabeak, amonaren etxean aitarekin. 17 urte bete zituenean, Sandrak jakin zuen bere neska laguna kolpatzeagatik salaketa bat jaso zuela, ez dizuet kontatu nahi ama haren atxekabea. Justizia, 6 urte berandu ibili da kasu honetan.
Haurren babes neurriak ezin dira epaileen pentsatze hutsean utzi, legeak jarri behar dira, erabakiak azkartzeko. Ezin da izan, alor penalean indarkeria matxistagatik salaketa bat dagoenean, alor zibilean eskatu behar izatea espreski haurra babesteko neurriak hartzea, horiek askotan beranduegi iristen direlako, bigarren prozesu bat aurrera eramateak denbora galduarazi egiten du, eta kasu hauetan ez dago denborarik galtzeko. Auzitegi Gorenak, 2016ko maiatzan, epai bidez onartu zuen indarkeria matxistagatik epaitua izango zen gizon bati ezin zitzaiola bere haurren zaintza partekatua eman, hau haurraren interesen aurkako litzatekeelako.
Baina oraindik ez dago legerik hau arautzen duenik estatu espainiarrean, indarkeria matxistaren ondorioz zaintza partekatua ukatzea edo bertan behera uztea arautzen duenik, Europako beste hainbat herritan ordea, neurri hau aplikatzen da iada. Horregatik, EH Bilduk, Eusko legebiltzarrean lege proposamena aurkeztu du gurasoen banantze edo haustura kasuetan zaintza partekatua arautzen duen legea, 2015ekoa, aldatzeko. Indarkeria matxista kasuetan adingabeen babesa bermatzea du helburu; horretarako eskatzen da, “gurasoetakoren batek, genero biolentziagatik prozedimendu judizial bat irekia baldin badu, ondoriozko neurririk hartu edo ez, ez du izango zaintza partekaturako eskubiderik”. Eta honi babesa eman nahi diogu, garrantzitsua delako, legeek indarkeria matxista jasan dituzten seme-alaben babesa jasotzea. Modu honetan indarkeria matxista jasaten dutenei arreta orokorra eta integrala emateko aukera egongo delako.