Gizateriaren %20ak planetaren baliabideen %80a kontsumitzearen ondorio larriak dira: klima aldaketa, gerrateen eta ziurgabetasun globalizatua, bioaniztasunaren suntsiketa, pandemiak eta orokorrean bizi baldintzen behin behinekotasunaren ezartze bortitz eta bidegabea.
Inoiz baino garbiago zeuden Veneziako kanaletan igeri egiten zuten izurdeen bideoek poztu gintuzten konfinamenduetako egun luzeetan, eta, aldi berean, gizakiaren jarduerak planetan duen arrastoaren zama erakutsi ziguten.
Gaur, Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Eusko Alkartasunatik mundu jasangarria, bizitza sortzen duen oxigenoz betetako planeta aldarrikatzen dugu eta hori lortzeko beharrezkoa den ekintza politikoarekiko konpromisoa berretsi du. Legegintzaldi ezberdinetan ingurumen arloan erantzukizun instituzionalak izan ditu Eusko Alkartasunak, politika aurrerakoiak garatuz, horregatik norbanakoaren erantzukizuna garrantzitsua dela dakigu eta baita gobernuek aldaketak bultzatzeko gaitasuna duten betebeharrak dituztela ere. Gaurkotasun handiko beste gai batzuetan bezala.
Klima-aldaketari aurre egiteko konpromisoak denboran, helburuetan eta garapenean ondo mugatutako politika zehatzak eskatzen ditu; jasangarritasunaren defentsarekin maila guztietan konpromisoa dutenak.
Klima-aldaketa eta haren ondorioen aurkako borroka nahiko berria da eta oso hauskorra. Berria da, izan ere, Bigarren Mundu Gerraren ostean eta ondorengo hamarkadetan sortutako desarrollismoak munduko ekonomiaren hazkunde-kurba goranzko gezi infinitua bezala ikusten zuen, eta inork ez zuen planetaren ustiapenaren mugak eta neurri ekologikoen beharrari buruz hitz egiten.
Planetak mugak dituela dakigu gaur eta kontserbazioa beharrezkoa dela, ez bakarrik sentimendu ekologikoagatik, baita berekoikeriagatik ere, gure egungo ongizatean duen garrantziagatik. Dena ezin dela salerosi konturatzeko une egokian gaude, eta argi dago natura ez dagoela salgai. Natura ez da une jakin batean planetan bizi garen gizon-emakumeena; naturaren parte gara: hura gabe ez dago bizitzarik, hura gabe ez dago gizatasunik.
Planetaren ahalmena aurreko mendeko 70-80 hamarkadetan gainditu zela diote teoriko batzuek, eta denok entzun dugu gure kontsumo-mailari eusteko hainbat planeta beharko genituela.
Horrek esan nahi du planeta agortzen ari garela eta hemendik aurrera krisiak maiz izango ditugula, ur eskasia gero eta arazo larriagoa izango dela, lur emankor gutxiago geratzen dela, itsasoak zabortegi bihurtu direla, klima aldaketaren ondorioak izugarriak direla eta pandemiak ohikoagoak izango direla. Pandemiak, bai, zoonosiak, Covid19 sortu zuenaren antzekoak, eta gizakiak naturan duen eraginaren ondorio direnak egun azaleratzen ari diren gaixotasunen % 70 dira.
Covid-aren kasuan bezala, klima-aldaketaren gaian ere badira negazionistak, ezjakintasunetik edo zinismotik bizimodu zehatz bat mantentzen saiatzen direnak, ez planetako biztanle gehienen bizimodua, gutxi batzuena baizik. Izan ere, planeta agortzen duen kapitalismoak herritar gehienak zapaltzen ditu. Planetako biztanleen % 20k baliabideen % 80 kontsumitzen du, eta horrek agerian uzten du dagoen desberdintasun handia eta gure inguruneari dakarkion eragina.
Koronabirusaren krisiak ondorio larriak ekarri ditu eta ekarriko ditu maila guztietan. Ingurumenerako arriskua areagotu egiten da, izan ere gobernuek egungo osasun, gizarte eta ekonomia krisia aitzakiatzat hartu dezakete beste alde batera begiratzeko eta planeta salbatzeko premiazkoak diren neurrien beharra baztertzeko.
Negazionistak aipatzen genituen, eta batzuek uste dute hazkunde ekonomikoa eta aztarna ekologikoa banandu egin daitezkeela. Gure ustez, pentsamendu magikoaren esparruan sartzen den aukera da, nahiz eta erantzukizun handiko pertsonek defendatzen duten, EBko agintarien sinboloa den Von der Leyen andreak, adibidez.
Erabakiak hartu behar dira, atzerapenik gabe, osasun-krisiarekin edo krisirik gabe, planeta bizirauteko arriskuan dago, ezagutu dugun moduan behintzat. Bertako espezie guztien kontserbazioa dago jokoan, eta, beraz, baita gurea ere; eta horrek aldaketa klimatikoa pandemia berri bihur dezake, agian batzuk uste baino lehenago horri egin behar izango diogu aurre eta gizadiarentzat benetan hilgarria izan daiteke.
Horregatik, berriro diogu gaur Eusko Alkartasuna bezalako alderdi sozialdemokrata batek (erakundeetatik egoera aldatzeko lanean ari denak), politika serioak, erabakigarriak eta, batez ere, premiazkoak aldarrikatzeko eguna dela. Klima-aldaketa leheneratzeak beste kontsumo ekoizpen batera abiatzea eta eremu guztietan eraldaketa eskatzen du: energia-trantsizioa finantzatuko duen fiskalitate berdea; kontsumo-ohitura jasangarriak; kutsatzaileak ez diren industrietan eta energia-sektore garbietan inbertitzea; mugikortasun-politika eta, jakina, lehen sektoreari dagokion guztia. Hori BPGa adierazle nagusi gisa baztertu eta ingurumena eta ekonomia kontabilitateko sistema integratuetan oinarritutako esparruan.
Laburbilduz, Eusko Alkartasunatik, azaldutako guztiagatik, ingurumenaren aldeko ekintza globala eskatzen dugu, neurri irmo eta eraginkorretan oinarritua. Erakunde guztiek norabide berean egin behar dute arraunean ingurumenaren alde eta klima-aldaketaren aurka. Bestela, urperatuko gara. Ez dago denborarik galtzeko, beranduegi goaz eta.