Molinos Vascos arkitektura-multzoa salbatuko duen esku-hartze integrala egiteko irtenbidea bilatu dezan eskatu dio Aldundiari Endika Montes, EH Bilduko Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariak. Bizkaiak bere iragan industrialarekin zorra duela azpimarratu du Montesek, eta horrek Zorrotzam dagoen eraikin enblematikoa kontserbatzea eta berreskuratzea eskatzen duela.

Montesek EH Bilduren jarrera defendatu du Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenaren eztabaidan. Bertan, Eusko Alkartasunako kideak azpimarratu du lehentasuna Molinos Vascos babestea dela, ez nork eta noiz egiten duen eztabaidatzea, bestela eraikina galtzeko arriskua baitago.

EH Bilduk, hala ere, argi dauka operazioaren erantzukizun ekonomikoa ez dagokiola Aldundiari bakarrik, eta “beste erakunde batzuekin eta eraikinaren jabeekin batera” egin behar duela, eta “lankidetza pribatuak bilatuz izan daitekeela, kluster edo enpresen partaidetzen bidez, adibidez”. Beharrezkoa den esku-hartzearen balorazio ekonomikoari buruzko datuak ere eskatu ditu Montesek, Aldundiak horren berri izan behar duelakoan, horri buruzko azterlanak eskatu baititu.
Azkenik, eta eraikinaren etorkizunari dagokionez, Montesek gogorarazi du batzarkide izandako Meritxel Elgezabalek ere duela hiru urte proposatu zuela Molinos Vascos Industria eta Teknikaren Museoaren egoitza bihurtzea. Izan ere, EH Bilduk aurrekontu zuzenketa bat proposatu zuen horretarako.
EH Bilduk, laburbildu du Endika Montesek, Bizkaiko ondare industriala babestu, sendotu eta zaintzeko balio duen edozein proiekturekin lankidetzan aritzeko prest dago, ondare kulturala babesteko garatu behar diren lanen testuinguruan.
Endika Montes