Herriko merkataritza, ostalaritza eta turismoa ere funtsezkoak izango dira udalerri txikienetan, Eba Blanco Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko presidenteordeak Okondon adierazi duenez.
Ainize Solaun batzarkidea eta Irati Mendiguren hautagaiarekin solasaldi batean parte hartu du Blancok Aiarako udalerrian. EH Bildu formula hori garatzen ari da ezohiko hauteskunde-kanpaina honetan, programa herritarrekin harreman zuzenaren bidez ezagutarazteko.
Ekitaldiak erantzun bikaina jaso du Okondon ere.
EH Bilduk tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko proposatzen dituen neurriak azaldu ditu Eba Blancok. Blancok gogorarazi duenez, konfinamenduak gehien kaltetu dituen bi sektoreak izan dira horiek, eta hainbat neurri berreskuratu ditu, hala nola, Eusko Legebiltzarrean berak aurkeztu eta EAJk eta PSEk baztertutako bono denda.
Arabako EH Bilduko zerrendako bigarrenak azpimarratu duenez, merkataritza krisian zegoen alarma piztu aurretik, eta, beraz, premiazko neurriak hartu behar dira. Kontuan izan behar da, gainera, Okondo eta Arabako udalerri gehienetan, merkataritza despopulazioari aurre egiteko oso faktore garrantzitsua dela; izan ere, zerbitzu falta dela eta asko gune handiagoetara joaten dira bizitzera.
“Herriko merkataritzarako laguntzak bikoiztea, 0 kilometroko produktuen aldeko apustua bultzatzea, ostalaritzarako plan berezia egitea, bi sektoreak bultzatzeko beharrezko neurriak dira, baina baita Okondo bezalako udalerrien ekonomia bultzatzeko ere, beraz, herritar guztiengan eragina dute”, laburbildu du Blancok.