Juanjo Agirrezabalak salatu duenez, Eusko Legebiltzarreko jarduneko presidentea bere agintaldiaren azken egunera arte inposizioa erabiliz jarraitzen ari da.

Memoriaren Eguna dela eta Eusko Legebiltzarrean omenaldi bat deitu dela komunikabideen bitartez jakin ostean, Juanjo Agirrezabala Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko kideak Arantza Quiroga jarduneko presidentearen jokaera kritikatu du, “omenaldi hori egitea eta nola egin bere kabuz erabaki duelako, inorekin hitz egin gabe eta Diputazio Iraunkorrean ezer adostu gabe; izan ere, Diputazio Iraunkorrean bertan erabaki beharko zen gai honi dagokion guztia”. EAko legebiltzarkideak Dani Maezturekin batera egin du salaketa hau. Maeztu Aralarreko ordezkaria da Diputazio Iraunkorrean eta, Agirrezabala bezala, EH Bilduko hautetsia.

Aralarreko eta EAko legebiltzarkideek jarduneko presidentea gezurtatu dute, “gezurretan dabilelako legebiltzarkideoi omenaldi honen berri eman zaigula esaten duenean”. Maeztuk eta Agirrezabalak salatzen dutenez, “Quirogak bere agintaldia agortuko du legealdian zehar egin duen bezalaxe, hau da, bere irizpide partikularrak eta alderdikoiak inposatuz, eta hori bereziki larria da Memoriaren Eguna bezalako gai delikatu batetaz ari garenean, are larriagoa duela oso gutxi euskal gizarteak bere alderdiari bizkarra eman diola kontuan hartuta”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA