Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, Nafarroako Gobernuari galdetu zion atzo ea koherentea den Superserreko lurren salmenta eta ezarriko den proiektua, tokiko merkataritza txikiari babesa ematearekin. Ildo horretan, koalizioak tokiko saltokiekin duen konpromisoa berretsi zuen foru parlamentariak, eta salatu zuen “tristuraz” ikusten ari direla “horietako askoren desagerpena”. “Erakunde publikoek tokiko saltokiak babestu eta sustatu behar ditugu”, esan zuen.

Maiorga Ramirezek saltoki txikien papera azpimarratu zuen “gure izaeraren eta nortasunaren adierazle” diren heinean, eta “jasangarritasun printzipioetan oinarritutako kontsumoaren” garrantzia azpimarratu zuen. Kontsumo ereduak “mugikortasunaren gaian ere baditu ondorioak”, gogoratu zuen.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuaren kontraesanak salatu zituen; izan ere, alde batetik, “azalera handi bat eratzea onartzen du, gero tokiko saltokiak defendatzeko beharra adierazten duen bitartean”. Hala, “beharrezkoa da merkataritza txikiaren aldeko konpromiso guztiak zehaztasun handiagoz lantzea, Superser-en egiturarekin ez baita baldintza berdintasunik sortuko (aparkalekuetan, besteak beste); eta, zoritxarrez, horrek ez du lagunduko saltoki txikiek hiriguneak husteko joerarekin apurtzen”, gaineratu zuen.

“Beraz, guk agerian utzi nahi dugu koherenteak eta kontsekuenteak izan behar dugula”. Horrela, Nafarroako Gobernuari eskatu zion “laster eta etorkizunean kontuan har dezala gure saltoki txikien garapena bultzatu eta babestearen garrantzia “, gaineratu zuen.