Joseba Azkarraga (Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua)
Batzuek bere buruari galdetzen diote garai honetan egokia ote den Maiatzaren
Lehenak Langileen Egun gisa duen errebindikazio kutsuari eustea. Batzuek zalantzan
jartzen dute soldata eta lan baldintza hobeak lortzeko gizarteak duen errebindikazioak
-bere adierazmolderik gogorrenean: manifestazioak eta era guztietako ekintzak-
lekurik ba ote duen gure egutegian; kontuan harturik, gainera, gizarte langilearen
parte handi batek, -Maiatzaren Lehena beste jai egunei erantsiz- aisialdiko
egun batzuez gozatzeko erabiltzen duela, Europa zahar eta, aldi berean, aitzindari
honetan behintzat. Hala eta guztiz ere, 2002ko Maiatzaren Lehen honek badu esangura
berezia.
Globalizazio garai
honetan nagusi dira ekonomia-asaldurak eta finantza-merkatuen boterea (ikusezina
baina oso eraginkorra). Baina, lan egiten duten gizon eta emakumeak dira askotan
materiarik gabeko zerbait gisa aurkezten zaigun ekonomia honen mamia, motor
nagusia eta ustezko helburua. Eta hori beti gogoan eduki beharrekoa da, nire
ustez.
Egungo gizartearen
aldaketa ugariek ezin dituzte ezkutatu langileak nozitzen ari diren arrisku
eta desoreka berriak: lana eta familia-bizitza uztartzeko zailtasuna, laneko
segurtasunik eza, desberdintasun ikaragarriak eta abar. Gainera, herritar askoren
ustez, arriskuan daude hainbeste neke eta lanen ondorio diren lorpen asko, akatsak
akats, bizi-baldintza duinak emateko balio izan dutenak; eta, ondorioz, gizarte-bazterketaren
arriskua ezabatzeko, edo behintzat, murrizteko tresna izan direnak -gure ingurunean
behintzat-.
Erabat sinesten
dut botere publikoen erantzukizuna dela guztientzat enplegu duin izango den
egoera lortzea, eta ondorioz, «ongizate-gizartearen» idealetik ahalik
eta gehien gerturatzen saiatzea. Hori dela eta, lan-merkatuan esku-hartzea euskal
administrazioaren betebeharra delako, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak
Enplegurako 2003-2006 Plan berriarekin duen konpromisoa berritu nahi dut, gizarte-eragileen,
erakundeen eta alderdi politikoen adostasuna beharko baitu horrek aurrera egiteko.
Eta hori guztia honako helburuari begira: gazteak, emakumeak eta iraupen luzeko
langabetuak (laguntza behar handiena duten kolektiboak, alegia) lan-merkaturatzea,
Europako Batasunak enplegu-politiken inguruan emandako jarraibideekin bat etorriz.

Dena den, historikoa
den eskumen-transferentziarik ezaren ondorioz -hogeita bi urte baino gehiago
igaro eta gero-, mugatuta ikusten dugu geure burua eginkizun horretarako. Eta
egoera horrek ez du aldatzeko itxurarik. Gernikako Estatutuak onartzen dizkigun
eskumenak ukatu zaizkigu ia mende laurdenez, eta PPko gobernuak ez du hori aldatzeko
inolako borondaterik erakusten. Horrek guztiak gure gaitasuna mugatzen du, baina
ez gaitu geldiarazten. Administrazio zentraletik ezartzen zaigun ukazio eta
zekenkeriazko politikari erantzuteko, irudimena erabiltzen du Eusko Jaurlaritzak,
eta gure gizarteak dituen arazoei aurre egiten die, egungo legeek ezartzen dizkioten
betebeharrak baztertu gabe.
Ulergarria iruditzen
zait gure gizartea larrituta egotea Lan Ministerioak langabetuei gizarte-babesa
ematen dien sistema aldatzeko azaldu duen asmoa dela eta. Nik ere kezkatuta
ikusten dut nola, eraginkortasuna hobetzeko eta ustezko iruzurra ekiditeko aitzakiarekin,
gure gizarte-babeserako sistemaren giltzarrietako bat murriztu nahi den. Gobernuaren
planteamenduari buruz iristen zaizkigun zertzeladak irain mingarriak dira langabetuentzat.
Oro har, badirudi PPk erabaki duela norbaitek lanik egiten ez badu, berak hala
nahi duelako dagoela egoera horretan, eta gainera, langabezia nozitzen duena,
diru-publikoak lotsarik gabe xahutzen dituen aprobetxategi maltzurra dela. Honekin
guztiarekin, nire ustez, prestazioa jasotzen dutenen duintasunari erasotzen
zaio, beste ezeri baino gehiago. Haien lan bizitzan, gogoz kontra, guztiz egoera
latzean dauden pertso- nei (gizakiei) dagokienez, susmopean jartzea ez da, hain
zuzen ere, eman dakiekeen traturik errespetuzkoena, ez eta estatistika-gai hutsa
balira bezala tratatzea ere. Begi-bistakoa dirudi gobernu zentralak, bere erreformaren
bidez, langabeziaren kopuruak apaltzea lortu nahi duela, INEMek eskainitako
lan aukera «egoki» bat jaso eta uko egiten diotenei prestazioa kenduz;
INEMek erabakiko du, gainera, lan aukeraren egokitasuna, noski, langilearen
iritzia ez delako horretarako kontuan hartuko.
Gobernuaren egitasmoak
begi-bistako beste hainbat «abantaila» ditu, gastu publikoa gutxitzea,
kasu. Lan Ministerioak dituen datuen arabera, langabeziaren estaldura-tasa lau
puntutan igo zen iaz, batez beste, eta gastuaren %10eko igoera ekarri zuen horrek.
Zero defizita arriskuan? Datuek eta joerek baikorrak dirudite. Hala ere, ematen
duenez, araua egiten dutenek aldez aurreko patroiari egokitu nahi diote arau
hori. Horregatik, zilegi da pentsatzea, helburua gastua murriztea baldin bada,
PPren gobernuak prestazioen kostua apaldu nahi duela, eta horretarako biderik
errazena da prestaziorik gabe uztea lan eskaintza bati «uko» egiten
diona, nahiz eta, askotan, eskaintza hori eskuragarria ez izan, lantokia urruti
dagoelako edo eskaintzen den soldata txikiegia delako. Sindikatuek ozenki salatu
nahi dute Gobernuaren asmoa datorren ekainean, Europako Batasuneko presidentzia
aldia amaitu baino lehen. Eta ez dute horretarako arrazoi faltarik.
Ironia zentzugabekeria
bihurtzen da. Hala, gizarteko sektorerik behartsuenek nozituko dituzte egitasmo
horren ondorioak. Katearen begirik ahulenak, lanpostua galdu dutenak, eta hutsik
gabe kotizatu dutenak, prestazioa galdu edo lanpostua onartu beharko dutenak,
nahiz eta lanpostu horrek ez izan lan-duintasunak eskatzen dituen gutxieneko
baldintzak. Zuzena al da, orduan, langabetu bat bere -eta bere familiaren- etxetik
hiru ordura dagoen lantoki batera joanaraztea, segur aski soldata eskasa eskuratzeko
aukera baino emango ez dion lan berri bat egiteko.
Ez du ezertarako
balio, kaleratze kasuetan, tramitazio-soldatak mugatzeak ezta PER planaren prestazioak
murrizteak ere -orain proposatzen den bezala- ez bazaie ekiten benetako enplegu-politika
aktiboei. Eta horretarako, beharrezkoa da botere publikoak konprometitzea eta
prestakuntza, arreta pertsonala eta gizarte-eragileen arteko elkarrizketa bultzatzea.

Jatorria: Eusko Alkartasuna