EAko instituzional idazkariak, Unai Ziarreta, parte hartu du prentsaurrekoan

Udal autonomiari inoiz egin zaion erasorik bortitzenetakoa ekarriko duen tokiko administrazioaren erreforma bultzatzen ari da PP. Proiektu horren bitartez, Madrilek “de facto” interbenitu nahi ditu udalak eta tokiko erakundeak, horiek kontrolatzeko eta beren funtzionamendua bideratzeko. Frankismoaren amaieran eta trantsizioa delakoaren hasieran udalek bizi zuten egoerara itzularaziko gaituen neurri baten aurrean gaude.

Bi helburu nagusi ditu PPk bultzatzen duen proiektuak: botere instituzionala zentralizatzea eta sektore estrategikoetan pribatizazioari atea irekitzea. Azken hilabeteetan inposatzen ari diren neurrien eta murrizketen bideari jarraituta, orain udalen finantza baliabideak eta eskuduntzak murrizteko asmoa dute.

Gainera, tokiko erakundeenak diren eskuduntzak desagertarazi nahi dituzte, eta beste batzuk asko murriztuko dira lege proiektuak aurrera eginez gero. Era horretara, zerbitzuak eta baliabideak pribatizatzea askoz errazagoa izango da.

Tamaina txikiena duten tokiko erakundeen eskuduntzen, autonomiaren eta etorkizunaren aurkako eraso zuzen baten aurrean gaude. Gainera, Madrilek ezarritako helburu ekonomiko eta finantzieroak betetzen ez diren kasuetan, erakunde horiek diputazioek edo erkidego autonomoek interbenitzeko aukerari bidea irekitzen zaio.

Era berean, zerbitzuak edota helburuak partekatzeko beste tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko gaitasuna nabarmen murrizten da eta, era horretara, mankomunitateen, partzuergoen, kontzejuen edo antzeko erakundeen etorkizuna kolokan dago. Tokiko udal erakundeei antolatzeko eta garatzeko gaitasuna ukatuko zaie.

PPk, ordea, errealitate hori ezkutatzeko asmoa du, eta bere helburua alkateen eta zinegotzien soldatak kontrolatzea dela dio. Baina egiaz horren atzean dagoen asmoa bestelakoa da: udalen autonomia deuseztea. Alkateei eta zinegotziei soldatak murriztea aitzakia hutsa da, legea arrazoitzeko eta herritarrek abegikorrago hartzeko helburua baino ez duena. Horretarako, alkateen eta zinegotzien izaera zikintzen dute, gehienetan ez dituzten soldata handiak egozten dizkiete, eta ustelkeria kasuetan haiekin partekatzen dituzte ardurak, herritarren artean “guztiak berdinak” direnaren sentsazioa hedatzeko.

Azpimarratu dugu PP bultzatzen ari den tokiko erreformaren proiektuak udal politika hipotekatzen duela. Hipotekatzen du, Madrilen erabakiko dutelako zer egin euskal udaletan, zeintzuk izango diren eman ahal dituzten zerbitzuak, egin daitekeen gastua zein den edota zeintzuk proiektu garatu daitezkeen. Aldi berean, demokraziaren kontzeptuaren beraren aurkakoa da, herritarrek hautatu dituzten alkateen eta zinegotzien gobernu gaitasuna eta erantzukizuna erasotzen duelako. Horien ordez, administrazio zentralak izendatutako ikuskatzaileak eta idazkariak izango dira udala kudeatuko dutenak, ordainketak egiteko edota proiektuak eta inbertsioak baimentzeko ardura izango dutelako.

Era horretara, botere gaitasun osoa ematen zaio Madrilek izendatutako funtzionario bati, udalerria zuzentzeko herritarrek aukeratutako pertsonen gainetik. Horren ondorioa argia izango da: kontuen emaitzak eta oreka ekonomikoa herritarren interesen aurretik jarriko dituzten teknokratek kudeatuko dituzte udalak.

Ondorio ikaragarriak izango ditu horrek, bai udalerrien eguneroko kudeaketari dagokionean eta bai udal politikaren etorkizunari dagokionean. Eta herritarrak izango dira kaltetu nagusiak. Honek guztiak ez dio udalaren erakundeari bakarrik eragingo; zerbitzu publikoetan eta prestazio sozialetan honek guztiak izan behar duen eragina izugarria izango da, bai kalitate aldetik eta bai zerbitzu horien estalduraren aldetik.

Udalerriaren egoera aintzat hartu barik zerbitzuei kostu estandarra ezartzerakoan, horien kalitatea eta estaldura nabarmen jaitsiko da. Hau da, zerbitzu okerragoak izango ditugu eta, gainera, murrizketek eragin zuzena izango dute udalen plantilletan eta zerbitzu horiek emateko azpikontratatutako pertsonetan, horrek berarekin dakarren lanpostuen galerarekin.

Adierazi dugun bezala, pribatizazioa izango da erreformaren ondorio zuzenetako bat edo, hobeto esanda, bilatzen duten gauzetako bat. Ur hornikuntza edo hiri hondakinen tratamendua izan daitezke kaltetutako esparru batzuk. Azken finean, zerbitzu publikoak negozio pribatu bihurtuko dituzte.

Udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak eta balorazio onena jasotzen dutenak. Gastuen, proiektuen edo inbertsioen erabakiguneetan zuzenean parte hartzeko aukera eskaintzen die herritarrei. Bada, herritarren partehartzea ere nabarmen murriztua geratuko da PP prestatzen ari den lege berriarekin.

Udalak izango dira, zalantzarik gabe, PPk aurrera atera nahi duen lege berriarekin kaltetuen aterako diren erakundeak. Batez ere txikienak. 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietako udalak egoera larrian geratuko dira, eta oraindik eta okerrago geratuko dira 5.000 biztanle baino gutxiago dituztenak. Hau da, honek eragin zuzena izango du Hego Euskal Herriko ia sare instituzional guztian, 16 udalerrik baino ez dituztelako 20.000 biztanle baino gehiago eta gehien-gehienak 5.000 biztanle baino gutxiago dituztelako. Eskaintzen dituzten zerbitzuetarako jada urriak diren finantza baliabideak murriztuko zaizkie horiei guztiei.

Udalak dira ondorio zuzenenak pairatuko dituztenak, baina bada gehiago: mankomunitateek, kuadrilek, partzuergoek eta kontzejuek ere lege berri honen ondoriei aurre egin beharko diete. Foru diputazioek ere bai, legeak udalei kentzen dizkien eskumenak beraiengain hartu beharko dituztelako. Gure sare instituzionala goitik behera aldatu nahi dute, euskal herritarrei iritzia emateko aukera eskaini gabe. Eta sare instituzionala aldatuta, instituzioetatik jasotzen ditugun zerbitzuak ere aldatuko dira, hainbeste borrokaren bitartez lortu dugun ongizate mailari eraso zuzena eginez.

Eraso horien guztien oinarrian dagoena, posible egiten dituena, gure errealitate nazionalarekiko, politikoarekiko eta sozialarekiko errespetu eta aitortza eza da. Burujabetza ez izatearen ondorioa da Madrilek bere interesetara egokitutako egitura administratibo, territoriala, eskuduntzakoa eta instituzionala inposatu ahal izatea.

Herri eta gizarte gisa erasotzen gaituen erreformari kontrakotasun osoa azaltzen dio EH Bilduk, eta ez oinarrizko gure instituzioei eraso egingo dietelako. Udal politikari izugarrizko erasoa egingo zaio, hamarkadetako atzerapausoa emango da; udal politikaren expoliazioa suposatuko du honek. Beste behin irudikatuko da etorkizunera begirako eredu politiko, ekonomiko eta sozialarekiko Euskal Herriaren iritziaren gainetik, bere eredua inposatuko duela Madrilek.

Egoera oso larria da, eta tamaina bereko erantzuna eman behar zaio; herri gisa erantzun behar da, gizartetik, esparru guztietatik, eragile politiko eta sozial guztiak bat eginda siglen gainetik. Izan ere, Euskal Herriaren etorkizuna da jokoan dagoena.