Ikerne Badiola Ikerne Badiola: “Adierazpen hark Euskal Herriaren nazio eskubideak eztabaida politikoaren erdian jarri zituen”.

EAren ekimen bati jarraituz Eusko Legebiltzarrak autodeterminazio eskubidearen alde eginiko aldarrikapena gogora ekarri du gaur Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak, adierazpen haren hogeigarren urtemugan. Egun hartan, “Euskadik autonomismoa alde batera utzi eta etapa berri bat ireki zuen, gizartearen gehiengoaren borondateari eta erabakiari lehentasun osoa emateko”. Badiolak lan-ildo horri eusteko eta zentzu horretan lanean jarraitzeko eskatu die mozio hura babestu zuten alderdiei.

“1990az geroztik herri honen nazio eskubideak bete beharra eztabaida politikoaren erdian egon da, eta Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde aurrerapausoak ematea ekarri duten ekimenak sustatu ditu EAk”, nabarmendu du Badiolak.

Komunikazio idazkariak adierazi duenez, EAk autogobernuan sakontzeko ekimenak sustatzen jarraituko du, euskal gizarteak bere etorkizuna erabaki eta autodeterminazio eskubidea erabili ahal izan dezan. Hori dela eta, herri honen errealitatea islatuko duen mugimendu subiranista eta baketsu bat abian jartzeko asmoz, indarrak batzeko konpromisoa hartu dugu”. EAk ahaleginak egingo ditu horretarako behar diren baldintzak sortzeko, “eta 1990ean bezala, bide bakarra politikoa eta gizartearen borondatea errespetatuko duena izango da”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna