Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako KZgune Sarearen zerbitzua 2014an Indra-LKS enpresak kudeatzen hasi zirenetik ordura arte Arabako eta Gipuzkoako KZguneetan lan egiten zuten lagun gehienak kalera joan direla eta, oro har, lan-baldintzek okerrera egin dutela jabeturik, EH Bilduk langabezian geratu diren langileei euren lanpostuetara itzultzeko aukera ematea proposatu du eta Indra-LKS enpresak hala onartzera behartu ditzala eskatu dio Jaurlaritzari, langileek zeuzkaten lan-baldintzak errespetatuz. EH Bilduk PSErekin adostu du proposamen hori, baina EAJk eta PPk, aitzitik, atzera bota dute.

Arri Zulaika EAkoak azaldu duenez, Indra-LKS enpresek KZguneak kudeatzeko lehiaketa publikoa irabazi zuten iaz eta horrek Arabako eta Gipuzkoako KZguneetako langile gehienak kaleratzea ekarri zuen, lehiaketan Jaurlaritzak ez zuelako langileen subrogazioa baldintza gisa jarri. Hori dela eta, KZguneetan pairatzen ari diren egoerak saiheste aldera, aurrera begira zerbitzu publikoak esleitzen dituenean langileen subrogazioa eskatu dezala galdegin dio EH Bilduk Lakuari, baina hori ere ez dute onartu ez EAJk ez PPk.