Biltzeni babesa eman dio Euskal Herria Bilduk

Datorren asteartean aukeratuko dira Kutxa, Vital Kutxan eta BBK kutxetako batzarrak osatzeko bezeroen ordezkariak. Prozesu horren aurrean, EH Bildutik Kutxabanken gertatzen ari denaren inguruan, gure hausnarketa plazaratu nahi dugu.

Kutxabank sortzeko asmoekin oso kritiko izan gara hasieratik Euskal Herria Bildu osotzen dugun alderdiak. Hala ere, jarrera eraikitzailea agertu izan dugu beti, hiru kutxak batzeko aukera hor zegoela jakinda eta kutxa berri eta indartsuago horren izaera definitzeko prozesuan parte hartzeko borondatea genuelako.

Baina EAJk eta PPk Bildu kanpoan uzteko egindako maniobraren ondorioz, argi geratu zen EAJk ez zuela nahi funtzio soziala, gardentasuna edota instituzioen kontrola bermatzea.

Hortik aurrera iruzur politiko horrek markatu ditu Kutxabank inguruan eman diren urratsak eta erabakiak.

EH Bildun oso argi dugu Kutxabank-etik herri honen aldeko apustua egin behar dela, herri hau eraikitzearen bidean, beti ere kutxek zuten izaera publikoa eta soziala babestuz eta bultzatuz. Eta izaera hori arriskuan dago gaur egun.

Gaurko ereduaren aldaketan oinarrizko tresna izan behar da, garapenerako finantziazioa bermatuz, politika sozialak bultzatuz eta instituzioei behar diren maileguak erraztuz.

Euskal Herrian sortzen den aurrezkia hemen geratu behar da, eta hemen kudeatu behar da, eta are gehiago une hauetan, krisiaren aurrean estrategia zehatzak behar direnean. Dirua gizartearena da, eta gizartera bueltatu behar da.

PNVren ereduak espekulazioaren eremura eramaten du Kutxabank, estatuaren markoan beste banku arrunt bat sortzeko asmo garbiarekin. Horrela, erabaki guneak urruntzen dira, beste interes politiko eta finantzieroen menpean utzita, eremu publikoetatik kontrolatzeko eta erabakitzeko ahalmena ekidituz.

Batzuk Kutxabanken burutu nahi duten eraldaketa eta pribatizazio prozesua ez dator legez aginduta. Ez zegoen inolako beharrik banku bat sortzeko. Europako eremu askotan -Alemanian, Frantzian…- aurrezki kutxak mantentzen dira, lurralde eta gizartearen zerbitzura.

Oraindik garaiz gaude, baina egoerari buelta emateko, pribatizazio prozesua gelditzeko, neurri argiak eta zehatzak hartu behar dira.

Euskal Herriko finantza sistema publiko bat sortu eta bultzatu behar dugu, gure herriak, sare produktiboak, enpresek eta gizarteak dituen beharrak eta lehentasunei erantzuteko. Eta Kutxabank sistema publiko horren oinarria izan behar da.

EH Bildutik “Biltzen” plataformak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurkeztu dituen asmoekin bat egiten dugu, Vital Kutxa, BBK eta Kutxaren batzarrak osatzeko hauteskundeen prozesuan. Gure ustez, banku publikoa behar zena pribatizatzeko asmoen aurrean inoiz baino garrantzitsuagoak dira hauteskundeak, oraindik ere Kutxabanken diseinua baldintzatzeko aukera dugulako.

- Kutxabankeko pribatizazioa gelditu behar da. Kutxek zuten funtzio soziala berreskuratu eta indartu behar da, eta horrekin batera bere izaera publikoa, demokratikoa eta gardena.

- Ez da onargarria Kutxabanketik etxe kaleratzeekin jarraitzea. Arazo horren aurrean, bestelako jarrera hartu behar da. Kutxabankek ezin du etxekaleratze bat gehiago ere egin eta, orain arte, EAJk eta PPk kontrolatzen duten kutxa hori Euskal Herrian etxekaleratze gehien egiten dituen kutxa dela jakin behar da. Jarrera horrekin jarraitu ala ez erabakiko dute hauteskundeetatik aterako diren kutxen kontseiluek.

- Kutxabankek Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzako egin behar du lan, gure udalentzako, gizartearentzako eta gizartearen lehentasun eta interesen zerbitzura.

- Kutxabankek finantza eragile aktiboa izaten jarraitu behar du bertako enpresa txiki eta ertainei kreditu lerroak irekita mantenduz, uhin ekonomikoa bizkortzeko.

- Kutxabankek obra sozialari indar bereziz eta konpromiso argiarekin eutsi behar dio, krisi anitza pairatzen dugun garai hauetan bereziki, herritarrei eta herriei zor zaien konpromisoari eutsiz.

- EAJk eta PPk Kutxabankeko sorreran zeuden oinarriak saldu dituzte, traizonatu dituzte.

- Kutxabank Euskal Herriako eredu ekonomikoa eraldatzeko finantziazio oinarriak jarri behar ditu.

Kutxen eredu soziala eta publikoa defendatzen dugunok, aukera ona dugu 30ean “Biltzen” plataformaren aldeko hautua egiteko, horretan baitago kutxen etorkizuna.

 

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna