Change the Change kongresua Donostian inauguratu den egun berean, Gipuzkoak aldaketa klimatikoari egiten dion ekarpena berresten duen Hiri hondakinak kudeatzeko plana onartu du.
Aldaketa klimatikoak aldaketa politikoak eskatzen ditu! Kudeaketa publikoa herritarren artean erabakitzea, eta hondakinen eta isurketen aurrean jarrera argia.

Gipuzkoako Batzarkide Iban Asenjok azaldu du zergatik gaur onartu den planak ( 26 alde, 21 aurka) on baino, kalte egiten dion gipuzkoako giztarteari; osasunaren aldetik, partehartzearen aldetik, adostasun ezaren aldetik, Europako zuzentarauen aldetik…

Hona hemen Iban Asenjoren hitz hartzea:

“Gipuzkoako Hiri Hondakinak kudeatzeko 2019-2030 Plan orokorraren aurka bozkatu dugu gipuzkoarren iritzia eta nahia ekarri nahi izan dugulako.

Foru Arau hau, agintaldi bukaera-bukaeran Batzar Nagusietara ekarri eta onartu duzuena, hilda jaio da. Kontrako botoa eman dugu plan orokor honek hondakinen kudeaketarako arazoa faltsuan itxi nahi duelako, arazoaren iturburuari eutsi nahi gabe. Denok dakigun moduan, plan honetan planteatzen denaren arabera, arazoa konpondu baino, arazoa areagotzen du, dagoeneko irekita dagoen gizarte haustura are gehiago zabalduz.

Arau honi aurkeztu genion osoko zuzenketaren bitartez azaldu genituen zeintzuk diren dituen akats eta gabezi juridiko guztiak eta, baita ere, Europako zuzentarauak, plastikoaren kudeaketarenak izan ala ekonomia zirkularrekoak izan, urratzen dituela. Horregatik guztiagatik ere kontra bozkatu dugu.

Gaur, hemen, hondakinak kudeatzeko errausketa eta erraustegia ardatz nagusia duen Foru Arau honen aurka Podemosekin batera bozkatu dugu ganbera honetan, baina baita ere Gipuzkoako gehiengo sindikalarekin batera bozkatu dugu, mugimendu ekologista guztiarekin batera bozkatu dugu, Gipuzkoako medikuekin bozkatu dugu eta, otsailaren 23an, enegarren aldiz agintaldi honetan, milaka eta milaka pertsonak kalera atera zituen mugimendu sozial anitz eta transbertsalarekin bozkatu dugu.

Kontra bozkatu dugu plan orokor hau ingurumenaren kontra doalako! material birziklagarriak eta konpostagarriak erre nahi ditu, horrek dakarren kutsadura eta gastu energetiko itzelarekin.
Kontra bozkatu dugu plan honek herritarrok aire garbia arnasteko dugun eskubidea ukatzen digulako.

Kontra bozkatu dugu plan hau gizakion, animalien eta izaki ororen osasunaren aurka doalako, Gipuzkoako medikuek behin eta berriz ondorioztatu diguten moduan.
Kontra bozkatu dugu ekonomia zirkularraren aurka doalako eta, bereziki, gipuzkoarren eta Gipuzkoako udalen ekonomiaren aurka doalako.

Edozein ikuspegitik aztertuta, proiektu hau ez delako inondik inora, iraunkorra.
Baina, gehien bat, plan honen aurka bozkatu dugu Diputazioaren gobernua osatzen duten alderdiek dagoen arazoari nahiago izan diotelako irtenbide inposatu bat bilatu, adostua baino. Arazo hau konpontzeko egin behar genuen bidea elkarrekin egin ordez, PNV eta PSEren gobernuak inposizioa nahiago izan duelako. Herritarrei hitza eman ordez, eztabaida bera ukatu egin zaielako eta adostasuna eta akordioa landu ordez, gobernu itsu hau irabazle eta galtzaileen arteko eskemetan murgiltzea lehenetsi duelako.

Plenoan.