Egun hauetan Euskal Herrian zaude, duela 50 urte Bostoneko maratoian dortsal batekin helmugara heldu zen lehen emakume bezala bizitutako esperientzia ezagutarazten. Behobia-San Sebastian lasterketak gonbidatuta etorri zara, eta lasterketa hasieran omendu zaituzte. Lasterketak 2025rako parte hartzaileen %50a emakumezkoa izatea lortu nahi du, eta bultzatzen ari den kanpaina txalogarri honen barruan omendu zaitu zu, Kathrine Switzer.
Hainbat elkarrizketetan entzun zaitut, eta entzun dut Bostonen duela 50 urte bizitu zenuen esperientzia; nola saiatu ziren zu lasterketatik ateratzen emakume zarelako, nola entzun zenituen irainak eta oihuak espaloietatik (eta baita txaloak ere), eta nola erabaki zenuen kosta ahala kosta emakumeek maratoian parte hartzeko eskubidearen alde egitea eta lasterketa amaitzea. Zure indarrari esker, gaur egun oso normala da emakumeek lasterketetan parte hartzea.
Elkarrizketak entzuten dizkizudanean hunkituta aditzen zaitut. Korrika egin nahi zenuten eta uzten ez zizueten emakumeetan pentsatzean, eta sufritu zenuten hartan pentsatzean, eta hala ere zuen eskubideen alde borrokatzea eta aurrera egitea erabaki zenuten momentu horietan pentsatzean, hunkitu egiten naiz.
Baina egia esaten badizut, hunkidurak badauka haserretik ere. Haserretzen naiz gure gizarteak zu bezalako emakume asko dituelako, eta emakume horiek ere beraien herriko kaleetatik atera nahi dutelako festan kasu honetan, eta hain ezaguna egin den Bostoneko lasterketa horretan zuri gertatzen zitzaizun bezala emakume horiek iraintzen eta erasotzen dituztelako, eta esaten dietelako emakume izate hutsagatik ezin dutela beraien herrietako jaietan parte hartu. Ez ezazu pentsa Kathrine hau ezagutzen ez duzun herri batean gertatzen denik. Gertaera hauek, gaur egun oraindik, omenaldia egin zizuten herrian, Behobia-San Sebastian lasterketak irteera toki duen Irun herrian, eta bere ondoan dagoen Hondarribiako herriko alardeetan gertatzen baita.
Bai Irunen eta bai Hondarribian hainbat emakumek urtero erabakitzen dute alardearen ibilbide guztia egitea, noizbait emakumeak alardean ateratzea normala izan dadin. Berdintasuna normala izan dadin, beste era batera esanda.
Nire errespetu handiena zuri, eta zu bezala emakumeen parte hartze askearen alde borrokatzen duten munduko emakume guztiei.
Lohitzune Txarola Gurrutxaga
Eusko Alkartasunako Giza Eskubideetako idazkaria