Elkarrizketa
Ibarretxe lehendakariak Kontzertu Ekonomikoa berritzeko ezintasuna aditzera
eman zuen egunean elkarrizketatu genuen Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu
eta Gizarte asegurantza sailburua. EAko Joseba Azkarraga, gobernuak emaniko
urratsarekin baikor zegoen.

«KALERA? BAI. BAINA EZIN DITUGU ONTZI GUZTIAK ERRE LEHEN OLDARREAN»

Urtarril honetako 10ean bukatu zen Eusko Jaurlaritzaren
Giza Eskubideen aldeko kanpaina. Kanpaina hauen eraginkortasunez jardun genuen
Justizia sailburuarekin, abiapuntu gisa-edo. Balio al dute zerbaitetarako?:«Nik
dudaren bat ere badut. Ez dakit jendea zein neurrian jabetzen eta kontzientziatzen
den hedabideetatik zabaltzen denaz. Edonola ere, giza eskubideen defentsak -publizitate
kanpainaz gainera- kanpaina iraunkorra izan behar du».
Justizia sailburuaren iritziz, giza eskubideen
alorrean aurrera egiteko administrazioak eremu guztietan inplikatu behar du,
honelako irizpidetan oinarriturik:«Giza eskubideena kontzeptu orokor bat
da. Ez da, ezinbestez giza eskubideen sailkapena egin behar. Giza eskubidea
bizi eskubidea da, baina bada ere ideologiaren askatasuna. Esaterako, herri
baten partaide gisa norberak nahi duena erabakitzea. Eskubide orokorra izan
arren, defentsa ikuspuntu bakarra izan behar dute giza eskubideek».
Kanpainak bi sektoreen aldetiko kritikak jaso
ditu ordea; PPren eta Batasunaren aldetik.
Hori aurreikusia zegoen; PPren aldetik bereziki.
PPk Legebiltzarrean interpelazio bat jarri digu galdetuz, ea zergatik sartu
dugun kanpainan herriek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea. Gezurra
dirudi, bere burua demokratikotzat jotzen duen alderdi batek herri baten nahia
galarazi nahi izatea; aberrazio bat da. Batasunaren aldetik ere, zenbait kritika
izan da. Bide onean ari garela esan nahi du ote horrek? Kanpainan, hala ere,
ezin izan dira herri honetako sentsibilitate guztiak islatu, garrantzizkoenak
baizik. Oro har, bizi eskubidea eta herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko
eskubidea islatu nahi izan da.
Sentsibilitateak sentsibilitate, hor dugu
Iratxe Sorzabalen kasua. Nola heltzen dio zure sailak tortura kasu bati?
Justizia saileko giza eskubideen batzordea aritzen
da esparru horretan. Iratxe Sorzabalen kasuan ez ginen inork deituak aritu izan,
ofizioz baizik. Hau da, torturak agertzen zituzten irudi oso adierazgarriak
ikusi genituenean, ofizio lanetan jardun genuen. Espainiako arartekoarengana
eta Barne Ministeriora jo genuen. Beharrezko diren datuak eskatu ondoren, lan
plangintza bateratu bat eskatu genien. Barne Ministerioaren aldetiko erantzuna
hutsaren hurrengoa izan da. Beraz, horrelako kasu batean norbaitek zerbait ezkutatzen
duenean giza eskubideak urratzen ari da.
Ezin da haratago joan administrazioaren bidetik?

Guk ezin dugu salaketaz haratago joan, baina
hori beti egingo dugu. Ez gara delituzko ekintzen aurrean ezkutatuko. Madrilgo
Parlamentuan diputatua izan nintzenean ez nuen atzera egin, eta gaur egungo
karguan ere ez dut egingo.
Eguberriotan euskal presoen eskubideen urraketa
gogoratu diozu Madrilgo Gobernuari. Presoen senitartekoek, zure agerpena garai
horretan egiten den ohikotzat jo dute. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen
dute.
Legealdiaren hasieran, presoen gaian eman beharreko
urratsak aztertu genituen Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Barne Batzordean,
hau da, presoen sakabanaketaren aferan eta espetxeetako transferentziaren aferan.
Lehentasuna duten aferak dira, sakabanaketa auzitegiek jarritako zigorrei erantsitako
gehigarri bat dela diogu betiere, onartezina dela. Gaia, oraindik ere, Madrilgo
Justizia ministerioarekin aztertzeko daukagu. Presoen eskubideen urratze erabatekoa
irmoki salatzen dugu. Ez da Eguberrietako jarrera edo agerraldi bat izan. Halabeharrez,
gure txostenaren agertze publikoa Eguberri garaian eman da, baina guk presoen
eskubideen alde lanean segitzen dugu.
Justiziaren esparruan zertan daude herritarrek
euskaraz tratatuak izateko dituzten eskubideak?
Bi atal daude: batetik, justizia zerbitzuetako
funtzionarioena dago. Eskuduntzak transferituak izan arren, tratua, oraindik
ere, estatuko funtzionarioen esku dago. Estatuko Kontseilu Judizialaren menpe
dauden funtzionarioak dira. Normalizazio linguistikoan urrats bat eman nahi
dugun bakoitzean arazo gordin bat dugu administrazioan dihardutenekin, euskara
erabiltzeko unean konstituzio-kontrakoaren helegite bat jasotzen dugu. Ez digute
aurrera egiten uzten. Ikaragarria da, euskara EAEko hizkuntza ofiziala izanda
ere, Estatuak traba zorrotzak jartzen ditu euskara ez dadin euskal administrazioan
erabilia izan.
Fiskal, epaile eta magistratuen arloan nola
dago euskararen erabilpena?
Epaile eta magistratuen %33k euskarazko ikastaroak
segitzen ditu; bizpahiru urtetan epaiketa bat euskaraz jarraitu ahal izateko
gauza izango dira. Fiskalen kasuan, portzentaia %13ra jaisten da. Kolektibo
honen ezaugarriak ezberdinak dira, fiskalak estatuan barrena dabiltza-eta. Zoritxarrez,
epaiketa bat euskaraz egin ahal izateko aukera bakarra itzultzailea erabiltzea
da. Aukera honen bitartez, epaiketa ez da normaltasun gutxieneko batez burutzen
ahal, ordea. Itzultzaileen bitarteko epaiketak freskura galtzen du. Epaiketak
euskara hutsez burutuak izan daitezen plangintza berri bat garatzen ari gara
12 epaitegietan. Aurreratzen ari gara, baina gustatuko litzaigukeena baino astiroago.

Eusko Jaurlaritzak ez du Kontzertu Ekonomikoaren
hitzarmena berritu ahal izan Madrilgo Gobernuarekin. Azaldu iezaguzu Juan Jose
Ibarretxe lehendakariaren jarrera, mesedez?
Ibarretxeren jarrera gobernu sendo baten jarrera
da. Madrilgo Gobernuak, Mayor Orejak edota Redondo Terrerosek (bere unean) espero
zutena baino herritar gehiagoren sostengua du Eusko Jaurlaritzak. Gobernu honek
EAEko herritarrak gobernatzeko agindu morala du eta prest dago Madrilgo Gobernuarekiko
oldartsu aritzeko. Guk ez dugu enfrentamendua bilatu, jarrera hau Madrilgo Gobernuaren
jarrera despota eta autoritarioa dela-medio etorri da. Areago, Jose Maria Aznarren
jarrera faxista eta ez demokratikoa dela esango nuke, bere irizpideak basatiki
ezarri nahi baititu. Ez gaude prest Espainiako Gobernuak modu aldebakarreko
batez inposatu nahi duena onartzeko. Kupoaren kasuan, inork ez digu justifikatu
191.000 milioi pezeta (1.148 milioi euro) ordaintzea. Gure kontuen arabera 151.000
milioi pezeta (907,5 milioi euro) pagatuko dugu, ez dugu euro bat gehiago pagatuko.

Behin egoera honetara iritsita, kupoa ez
ordaintzea ez litzateke bidegabekeria bat izango, edo bai?
Gauza bat da barne nahiek eskatzen dizutena.
Nik, espainola ez naizen aldetik, Espainiako administrazioari ez nioke ezertxo
ere itzuliko. Baina horretarako, gure herriaren ekonomiak errealitate oso bat
iritsi behar du oraindik ere, bere independentzia politiko osoa, kasu. Ez gaude
une horretan.
Carlos Garaikoetxeak Kontzertua defendatzeko
kalera ateratzeko aukera aipatu du. Gobernutik, zuk nola ikusten duzu aukera
hori?
Kalera? Bai. Prozesua luzea da, ordea. Ezin
ditugu gure untzi guztiak erre lehen oldarrean. Jaurlaritzak Kontzertuari buruzko
agiria plazaratzean bere lehen oldartzea burutu izan du. Euro bat gehiago ez
pagatzeko nahiz Espainiako Gobernuak ez gaituela Europako mintegietan ordezkatuko
baiezteko borondatea agertu du. Euskal gizartea, eman beharreko pauso guztiez
informatua izango da aurrerantzean, baina pauso guztiak ezin dira une bakar
batean eman.
Eusko Alkartasunaren planteamenduek ba al
dute eraginik gobernuan?
Bai, jakina. Horrela ez balitz, ez EA ez ni,
ez ginateke gobernu honetan egongo. Boterean egotea garrantzizkoa bada ere,
ez gara horregatik soilik, xede politiko jakin batzuengatik gaude. EAk ez du
atzera egingo, ez Estatutuaren defentsan, ez herri honen burujabetasunaren bidean.
Eta xede horretan Ibarretxe lehendakariak ere ez du atzera egingo.
Eusko Legebiltzarreko aurrekontuak aipagai
orain. Nola interpretatzen duzu Batasunaren jarrera aldaketa?
Batasunak ganbarara itzultzeko bere arrazoiak
izango zituen. Burutu duen plantoa kaltegarria izan da EAEko gizartearentzat,
hala ere. Bere jarrerak ez zuen zentzurik, eta ez dakigu zergatik aldatu izan
duen bere jarrera. Guk ezein alderdirekin negoziaziorik ez dela izan, baiezta
dezakegu. Batasunak egoera bat ikusarazi nahi izan zuen, baina, nonbait, PPri
eta PSEri jokoa egiten ari zitzaiela ohartu zen. Baliteke, lehen jarrerak bere
barne lerroetan eztabaida sorrarazi izana, eta ondorioz, itzuli izana. Zaila
da arrazoia ezagutzea, ordea.
Gobernu honen asmoetako bat herri kontsulta
burutzea da. Legealdi honetan?
Kontua ez da legealdi honetan edo hurrengoan
egitea; bihar edo etzi, alegia. Ez da berez egin beharreko kontu bat. Inportanteena
da planteamendu horren kontzientzia ez galtzea. Gu xede horretara joateko behartuta
gaude. Xede hori tinko atxiki behar dugu, euskal gizartearekin dugun konpromiso
bat da, gure interesen arabera praktikan jarri behar dena. Ekimen hori aurrera
ateratzeko beharrezkoak diren bitartekoak modu zuzen eta egoki batez landu behar
ditugu, gizartean ez dadin porrota moduko bat eman.
Ez gaude kontsulta egiteko unean.
Ez gaude unean denok dakigun arrazoiarengatik.
Alegia «ez dago herri kontsulta biolentzia dagoelako eta biolentzia dago
ez delako herri kontsulta» zirkulu itxi horrekin hautsi behar da, eta
hori biolentzia praktikatzen dutenen esku dago. Pauso hori emanez gero, askoz
arrazoi gehiago izango dugu kontsulta gauzatzeko.
Zuk nola formulatuko zenuke kontsutarako
galdera?
Honelatsuko terminoetan: «Zein izan behar
du Euskal Herria eta Estatuaren arteko harremana: oraingo autonomia estatutua,
estatu federala edo independentzia politikoa». Baina, hori baino lehen
herri honen autodeterminazio eskubidea onartzea dago. Ez da autonomia, ez federalismoa
ez independentzia. Autodeterminazio eskubidea onartu ondoren, euskal indar politikoek
edota gobernuek herriari egin behar lioketeen galdera da. Nire erantzuna independentzia
da.
Enpleguaren etorkizuna «2003. urterako
desenplegu-tasa %9,8ra jaistea aurreikusten dugu EAEn»

Joan den irailaz geroztik bereziki, ekonomiaren
atzerapena antzeman da mundu mailan. Zein da une honetan Euskal Autonomia Erkidegoko
(EAE) enplegu-tasa? Atzerapenik emango al da bertako ekonomian?
EAEko enplegu-tasan atzerapen bat baino moteltze
ekonomiko bat izan da. Uneon, desenplegu-tasa %10,5 eta 11 artean dago. Gure
sailean moteltze hau aurreikusia genuen, eta enpleguaren aldeko plangintza bat
lantzen ari gara 2003. urtera bitarte. Ordurako, desenplegu-tasa %9,8ra jaistea
aurreikusten dugu. Gure xedeak betetzeko bi puntutara gaude, eta lortuko dugulakoan
gaude. 2003rako EAEko enplegu-tasa Espainiako enplegu-tasaren gainetik egongo
da. Europako batez besteko %7,5ra hurbiltzea da gure nahia.
«35 orduko lan astea» gauzatu
al daiteke legealdi honetan?

Oso zaila ikusten dut lan esparruko 35 orduen aplikazio zorrotza gauzatzea;
gehiago aurreratu behar dugu ordea. Bitartekoak jartzen ari gara, aplikazioak
lan enpleguaren banaketarekin eta langabeziaren tasarekin zerikusi zuzena du.
Patronalari ez zaio neurria gustatzen, baina gu ez gara patronala, administrazioa
gara eta legealdi honetan aurrekoan egin zena baino gehiago egin nahi dugu.

ETT (Aldi baterako enplegu-enpresak) delakoak
gaizki ikusiak dira langabetuen artean. Zein da zure iritzia?

Sail honi ETTak gustatzen ote zaizkigun? Bada, ez gehiegi. Guk enpresa eta langileen
arteko harreman zuzena hobesten dugu. ETTak langileen eta enpresarien bitartekoak
dira, eta langileak galtzen du. Guk hemendik, ahal dugun neurrian, kontratazio
zuzena sustatzearen alde egiten dugu, baina horrek ez du ere esan nahi ETT enpresak
bertan behera utzi behar direla.
Zure sailak Gasteizko «Gamesa»ko
aferan enpresak zabalduriko lan espedientea onartu izana kritikatu du ELAk.

Gamesako gaia usteltzen ari zen enpresaren eta sindikatuen arteko harremanen
bidetik. Konponbide bat aurkitzeko onartuak izan ginen enpresa eta enpresa batzordearen
aldetik. Afera, handi-handika, konponbidean jarri dugu. LAB, USO eta UGT, aldeak
alde, bat etorri dira gure planteamenduarekin. ELAk eskubide osoa du nahi duena
defendatzeko, baina guk aurkeztu genuen proposamena langileen %90ak onartu eta
sinatu zuen puntuz puntu. Beraz, langileen gehiengoak onartzen badu eta langile
hauetako batzuen sindikatuak ez badu sinatzen, bada sindikatuak langileen jarrera
kritikatzen du gurea baino. Jakina, guk ere nahi genuen lanpostu bakar bat ez
galtzea, hori da gure betebeharra.

«Langilea bere buruaren jabe, bere egitekoaren jabe, bere lan pentsamenduaren
jabe» dio kooperatibismoaren esloganak. Ba al du gaurkotasunik egungo
ekonomia globalizatuan?

Kontzeptu hori bizirik dago. Planteamendu hori sozialista-autogestionarioa da,
enpresa barruan ere defendatzeko planteamendu bat, eta gure kooperatibeetan
eutsi egiten zaiona. Belaunaldi berrien artean denetarik dago, noski. Baliteke
Arizmendiarrieta, Ormaetxea edota Larrañaga bezalako aitzindarien espiritu
kooperatibista horren bizirik ez izatea, baina kontzeptu orokorra hor dago,
ekonomiaren globalizazioarekin edo gabe

Mikel Asurmendi
argia.com

Jatorria: Eusko Alkartasuna