Jokoaren adikzioari heltzeko deia egin du Eba Blanco EAko jarduneko idazkari nagusi eta Legebiltzarreko presidenteordeak gaurko Osoko Bilkuran. EAEn indarrean dagoen Legea “iragan mendekoa” eta egun sustantziarik gabeko menpekotasunek duten ezaugarriak ez zeudenekoa dela gogoratuz, Lege berriaren beharra aldarrikatu du Blancok.
Elkarrekin Podemosek 1991eko jokoa arautzeko Legea aldatzeko aurkeztu duen proposamenari baiezkoa eman dio EH Bilduk eta tramitera onartu da Jaurlaritza osatzen duten taldeen abstentzioarekin. Abstentzioak kezkatu du Blanco: “Babes juridiko gabeko ikerketa eta plangintzak egitea nahiago du Jaurlaritzak, eta azkar idatzitako txosten horiek ezerezean geldituko direla aurreikusi daiteke”.
EAJ eta PSEren jarreraren aurrean, “gazteek gero eta errazagoa dute jokoan sartzea”, azpimarratu du Eba Blancok, “errazegi hel daitezke adikzio bihurtzeko arriskua duten modalitateetara: apustuak egitea eskuragarria da eta, okerragoa dena, ez dago estigmatizatua; alderantziz, sozialki oso ondo ikusita dago, aisia da”.
Arrisku honi lege baten bidez aurre egiteko aukera dagoela adierazi du Blancok, 1991eako erabat zaharkitua dagoelako: “Gai hau serio hartzen ez badugu, legegintzaldi honetan eman ez ditugun urratsez damutu egingo gara, eta ez da izango oposizioko taldeak saiatu ez garelako”.