EAko legebiltzarkideak erabakitzeko eskubidea irmo defenditzeko eskatuko dio EAJri

   Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak kreditazioa hartu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean; berak egindako adierazpenen arabera, Ibarretxek berak asteartean egindako adierazpenak salbu, ez dute beste berririk eta EAJk inbestidurarako Juan Jose Ibarretxeren hautagaitza noiz aurkeztuko zain dagoela Eusko Alkartasuna adierazi du Larrazabalek.

   Asteartean Ibarretxek adierazi zuen hautagaitza aurkezteko 80.000 arrazoi dituela, eta erabakitzeko eskubidea «hobeto bizitzeko» dela eta «ez elkarri mokoka erabiltzeko». Adierazpen horiek aintzat hartuta, Larrazabalek EAJri ohartarazi dio EAk ez diola bere boto bakarra emango baldin eta erabakitzeko eskubidearen «defentsa erretorikoa» egitera mugatzen badira. EAJk aurkezten duen ildo politikoaren arabera hartuko dutela erabakia gaineratu du.

   Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, EAren legebiltzarkideak gogoan hartu zuen EAJren kanpainan erabakitzeko eskubidea ez dela ezertarako agertu. Larrazabalek ziurtatu du uneotan gai horri buruz alderdia ez dagoela «txantxetarako», are gehiago Ibarretxeren planak eta herri galdeketaren legeak porrot egin eta gero. Auzi horri buruz, uste du lehen erantzukizuna PSOEri dagokiola. Baina, era berean, EAJk ere erantzukizun politikoa duela iritzi dio. Izan ere, haren aburuz, EAJk kontsultaren bidea itxi egin duela ematen du. «Hori hala bada, EAJrentzat ziklo politiko bat itxi egin dela argi geratu beharko du».