Nafarroako Parlamentuak, osoko bilkuran, Nafarroaren ikurrei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du. Navarra Sumak eta PSNk alde bozkatu dute eta EH Bilduk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurka. Testuak, oinarrian, indargabetutako 24/2003 Legea berreskuratzea du helburu.

Eztabaidan zehar, EH Bilduko parlamentaria den Maiorga Ramirezek, salatu du PSNk UPNk esaten duenari men egiten diola. “Alderdi sozialista, UPNrekin lehian dabil, ea espainar sinboloen defendatzaile sutsuena zein den erakusteko”. Parlamentariak esan du alderdi sozialistaren jarrera “ulertezina” dela, “Gobernutik ekimenaren kontrako jarrera adierazi eta gero, orain bere irizpidearen kontra egitean”.

Maiorga Ramirezek salatu du “ikurriña gaur egun, frankismoan bezala, debekatuta” dagoela eta “Nafarroako gizartearen zati baten sentipenari bidea ematen diotenek zigorrak jasotzen dituzte”. Horren aurrean, EH Bilduk Nafarroa anitza islatzea ahalbidetzen duen politika eskatu du.