Iker Rahonak azpimarratu duenez, lan eta ekonomia prekarietatea Covid 19k eragindako osasun krisia baino lehenagokoa da: “Pandemiak larriagotu badu ere, egiturako krisi baten aurrean gaude. Ereduak ez du funtzionatzen eta aldatu egin behar da”.

Batzar Nagusietako Enplegu Batzordean parte hartu du Eusko Alkartasunako Bizkaiko koordinatzaile eta EH Bilduren batzarkidea den Rahonak, eta bere taldearen enpatia erakutsi du “Aldundiak eskainitako langabezia zifren atzean dauden pertsonak bizi ari diren egoera latzarekin”.

“Milaka dira dagoeneko atzean geratu diren pertsonak”, esan du Rahonak, “Langabeziaren arazoa hiru oinarri dituen egiturazko eta ereduzko krisia delako: soldata baxuak, lan jardunaldi laburrak eta errotazio indize altuak”.

Une honetan, esan du Rahonak “egungo egoerari aurre egingo dioten berehalako neurriak” hartu behar dira, baita “lehendik zeuden arazoei aurre egitekoak ere, pairatzen ari garen arazoa eredu produktiboaren krisiarena baita”. Batzarkideak emandako datuen arabera, kontratu berrien % 96 aldi baterakoak dira, horietatik heren bat lanaldi murritza dute eta kontratu horien % 7k soilik du 6 hilabetetik gorako iraupena.

Gainera, azpimarratu duenez, “Bizkaiko langabeziak emakume aurpegia izaten jarraitzen du: emakume gehiago kaleratu eta gutxiago kontratatzen dira”. Errealitatean, herrialdean, emakumeekin batera, gazteak eta prestakuntza akademiko gutxien dutenak dira lana lortzeko zailtasun gehien dituztenak, eta eskualdeen artean desberdintasun handia dago. Gainera, Bizkaiko bost langiletik batek DSBE jasotzen zuen, eta bost familiatik bat pobrezia egoeran bizi zen, martxoa baino lehen ere. Horri guztiari erakundeen politikek erantzun behar diotela adierazi du Rahonak.
RAhona