Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak uste du “momentu honetan gutxiengo konpromiso batzuk hartzea beharrezkoa dela Europako Itunaren gainean eta espero dugu horrela, behar duen bultzakada ematea”. Horrela adierazi zuen atzo Senatuan Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Itunaren inguruan eztabaidatutako mozioan.

“Espainiako Estatuak Europako Gutuna 2001ean berretsi zuen. Itun hau berrestean hizkuntza hauek babestu eta sustatzeko konpromisua hartu zuen Estatuak eta konpromiso honi jarraipena egiteko kontseilu bat eratu zen”, azaldu zuen. “Urte guzti hauetan 5 bilera besterik ez dira egin. Are gehiago, Europako Kontseiluak egindako ebaluaziotik euskarari eragiten dioten gomendioetatik bat bera ere ez da bete. Honek auzitan jartzen du estatuaren borondatea”, salatu zuen.

Idurre Bidegurenek esan zuen: “Herriek eta pertsonek haien hizkuntza erabiltzeko duten eskubidea giza eskubidea da. Ez da kapritxo bat. Eta eskubide hau erabili ahal izatea demokrazia maila neurtzeko adierazle bat da”.

Horrela gogoratu du “Europako Batasunean 60 eremu urriko hizkuntza” daudela eta “46 miloi pertsonek hizkuntza hauek hitz egiten dituzte”. “Europan elebakartasuna salbuespen bat da. Baina zoritxarrez espainiar estatuan oraindik elebakartasuna defendatzen duten pertsonak aurkitzen ditugu. Eta gobernu eta erakunde batzuk elebakarreko estatu bat balitz bezala jarduten dute. Eta kontuan hartu beharko litzateke Estatuko biztanleriaren ia erdia gazteleraz ezezik beste hizkuntza bat hitz egiten den lurraldean bizi dela”.

“Milioika herritarrok normaltasunez bizi nahi dugu gure hizkuntzan baina gaur egun ezinezkoa zaigu. Estatuko gobernu ezberdinek Europako Itunarekin konpromiso bat zuten baina ez da bete. Jarrera aldaketa bat ikusiko dugu? Denborak esango digu”, amaitu du.