Munduko edozein herritan bizi diren gizon-emakumeek duten nahi berdina du euskal jendarteak: Haiek dituzten eskubide berberekin gure bizitza eratzea, gure borondatearen arabera, ez inork behartuta.
Gizartearen nahi demokratiko hori, burujabetza eskubidearen gauzatzea, alegia, oinarrizko eskubidea da eta estatuen korporatibismoak oztopatu egin dezake, baina estatuek ezin dute inolaz ere eragotzi edo ukatu, Eskubide Zibil eta Politikoen Itunean onartutako giza eskubide kolektiboa baita.
Teoriatik praktikara pasatzeko aukerak kezka sortu dezake, noski, baina gehien bat prozesutik at dauden elementuengatik – azken 150 urteetan mila bider egin da bide hori munduko beste hainbat lekutan eta hamarnaka aldiz burutu da azken lau hamarkadetan Europa zaharreko geure ingurune politiko juridikoan – eta ez ekar ditzakeen ondorioengatik.
Gure Esku Dagok datorren azaroaren 18rako antolatu duen herri galdeketan parte hartzera animatzen du Donostiako Eusko Alkartasunak, etorkizunerantz abiatzeko beharrezko urratsa delako. Biderik luzeena ere urrats txiki batez hasten dela esaten digun ohartarazpena da herri galdeketa. Gure kasuan, hautestontzian botoa sartuta. Bide horri hasiera ematea gure esku dago, antolatzaileek errepikatzen diguten bezala.
Eta, horretarako, aldaketek ematen diguten beldurra gainditzen hasi behar gara. Zertarako nahi dugu erabaki? Hobeto bizitzeko, dudarik gabe. Eta erabaki horrek izan ditzakeen ondorio ekonomikoekin gu beldurtzen saiatzen direnean, Euskadik Estatuari beregandik jasotzen duena baino gehiago ematen diola jakin behar dugu. Zer galtzeari diogu beldurra? Lan baldintza duinak, adinekoak eroso bizitzeko adinako pentsioak, gero eta indartsuagoa den Ongizate Estatua? Ez dugu horrelakorik orain, ezta izango ere Madril eta Parisen menpe bizi garen bitartean.
Euskal erakundeek zerga guztiak bildu eta kudeatzeko aukera balute, zerbitzuak eta pentsioak bermatu ahal izango lituzkete. Subiranotasunaren aldekoak mehatxatzen dituzten Erret etxea eta Armada, gutxien dutenak txirotzen dituzten banku handien zorrak, Gobernu delegazioak eta polizia arrotzak ordaindu beharko ez bagenitu edo Kotizazio Funtsak eta Diruzaintzaren transferentzia egingo balira, Eusko Alkartasunak, alderdi sozialdemokrata den heinean, helburu duen Ongizate Estatua eraikitzeko diru nahikoa izango genuke.
Baina ez dugu iruzurrik egin nahi ere, horregatik Estatu burujabe baten tresnak izango bagenitu ongizatea sustatzeko aukera izango genuke: Burujabea den Estatua gaizki kudeatu daiteke, Espainiar Estatua adibide, edo ongi, eraiki nahi dugun Euskal Errepublika bezala.
Erakundeek bizitzako funtsezko gaietan hartuko dituzten erabakiek euskal gizartearen nahiei erantzuten diela bermatzen du Estatu propioa izateak. Gaur egun, Madrilgo gobernuak, Euskal Herrian gutxiengo diren indar politikoak buru dituela, funtsezko gaietan gure izenean hartzen dituzte erabakiak, hala nola, enpleguan, pentsioetan, eskubide eta askatasun indibidualetan, etab.
Prozesu baketsu eta demokratikoa da independentzia, pertsonen bizi-kalitatea ez litzateke aldatuko edo, are gutxiago, okertuko. Arazoek gehien bat Estatua kaltetuko lukete, beharrezko ondare eta produktuen merkatua galduko luke eta sekulako zor publikoa ordaindu beharko luke biztanle gutxiagoren artean.
Quebec-en, adibidez, pentsioen gaiak garrantzia handia hartu zuen eta, ondorioz, Lege-proiektu batean bermeak ezarri ziren, Gobernu berriak pentsio eta osagarriak, gutxienez, kopuru eta baldintza berbertan ordainduko zituela ezarriz. Quebecen burujabetzaren aldekoek argi zuten euren proiektua ekonomikoki bideragarria zela. Guk geuk ere argi dugu hori.
Euskal jendarteko zati garrantzitsu batek bideragarri ikusten duen eta nahi duen proiektu baten aurrean gaude. Zati hori gehiengoa bada, bide eman behar zaio kontsulta bati. Uste sendoa daukagu prozesu hau adostasunean oinarritu behar dela eta hori da, orain eta beti, gure lehen aukera. Estatuak Katalunian izan duen jarrera ikusita ere, lehen aukera moduan mantentzen dugu.
Independentzia, arlo sozioekonomikoan ez ezik, plano demokratikoan ere hobeto bizitzeko beharrezkoa dela uste dugu. Zein askatasun galduko ditugu? Adierazpen askatasun? Akzio politikorako eskubidea? Horiek, eta beste hainbeste, Madrilek kendu dizkigu honezkero.
Burujabetza eta independentzia nahiak ez dira nazionalismoaren “ego” politikoa asetzeko, baizik eta hiritarron bizi kalitatea mantendu eta asetzeko, jendartearen borondateak eskatzen duen erregimen juridiko-politiko demokratikoa bermatuz. Orain egoera bestelakoa da, gure bizitzaren funtsezko eremuei buruz erabakitzen duen alderdia gutxiengoa baita Euskal Herrian.
Burujabetzak gure legeak bozkatzea ahalbidetuko du, gure etorkizuna erabakitzea, zergak jasotzea, jendarte justuago bat eraikitzeko, enplegua bermatzea, industria garatzea, bizi kalitatea hobetzea, azpiegiturez hornitzea, hezkuntza politikak ezartzea, eta abar luze bat.
Erabaki nahi dugu, gure etorkizuna eraiki nahi dugu eta, horregatik guztiagatik, Donostiako Eusko Alkartasunako Hiri Batzarrak parte hartuko du datorren azaroaren 18ko herri galdeketan eta hiritarrak gonbidatzen ditugu bertan parte hartzera, galtzeko ezer ez dugulako eta irabazteko, aldiz, asko. Eta biderik luzeena ere keinu txiki batez hasten delako. Gure kasuan, gure esku dago botoa hautestontzian sartzea. Gure Esku Dago.

Jabier Estebanez “Gorri”
Donostiako Eusko Alkartasunako Ejekutibako presidentea