Aurten ere, maiatzaren lehena aldarrikapen eguna da. Gaurkoan gogora ekartzen dugu lan eskubideak langileen borrokaren ondorio direla, legeek langileen aldarrikapenak jasotzeko egindako lanaren ondorio. Egun, Euskal Herrian aldarria beharrezkoa da oraindik ere euskal gizartea krisi ekonomiko latz baten ondorioak pairatzen ari delako. Merkatu librearen joku zikinak –zerga babeslekuak, multinazionalak, kapital funts handiak…- langilegoa zigortzen jarraitzen du eta sortu ez duen krisiaren ondorio latzenak bere gain erori dira.

Aldarrikapen hori, gauzak aldatzeko borroka hori gaur kalean egin daiteke eta bihar instituzioetan, edo hobeto, egunero egin daiteke ekimen instituzionalen bitartez eta baita pankartak babestuz ere. Hori da Eusko Alkartasunaren apustua.

Aurreko garaiak gogora ekartzen gaituen krisia da honakoa, baina aurrekoekin alderaturik, okerragoa da: beste garai batzuetan, krisia pasa ondoren, lanpostuen sorrerarekin batera gizartearen ongizatearen gorakada etortzen zen zentzu zabal batean. Gaur egun, ekonomiaren suspertzeak agerian jartzen du krisiak ekarri zuen prekarietateak ez duela alde egingo eta lan kontratu bat izateak, lanpostu bat izateak, ez duela ziurtatzen prekarietatea alde batera utzi eta bizitza duin bat izatea.

Lan erreformek desberdintasunak areagotu dituzte, baita desestrukturazio soziala ere. Egun, lan egiteak ez du esan nahi pobreziatik aterako garenik; langileen %40 pobrezia atalasearen azpitik bizi dira. Hortik eratortzen da, langile askok gizarte zerbitzuetara jo behar izatea.

Honi loturik beldurra ere badago: protesta egiteko beldurra, aldarri egiteko beldurra. 600 euroko soldatako lanaldi partzialeko kontratua galdu eta ezer hoberik ez aurkitzeko beldurra ere existitzen da. Horrela, botereak gizarte desmobilizatu bat lortzen du, honek itxaropena galdu egin duelako eta beldur delako.

Eusko Alkartasuna, alderdi sozialdemokrata izanik, lan eta gizarte baldintzen defensa sutsua egiten du, non lan instituzionala giltzarri izan behar da. Eusko Alkartasuna instituzioek dituzten baliabideak muturreraino erabiltzearen aldekoa da, nahiz eta badakien guztizko subiranotasunak bakarrik emango dizkigula krisiari aurre egiteko eta gizartearen eskubideak defendatzeko –bereziki, beharrak dituzten pertsonak defendatzeko- behar ditugun baliabideak.

Maiatzaren 1ean ere, euskal herritar garen heinean, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Nahi dugun gizarte eredua erabakitzean bakarrik –fiskalitatea, legegintza, hezkuntza- elkartasun ezean oinarritutako eredu ekonomikoari aurre egiteko gai izango gara.

Estatu espainoleko Gobernuak lan eta gizarte eskubideetan murrizketak inposatu dizkigu; klase ertaina ia desagertzeraino eraman duen murrizketak izan dira, jende asko pobreziara eraman, gazteak langabezia egoeran mantendu eta sistema publikoaren suntsiketa ekarri duten neurriak izan dira. Honi, lan itunen estatalizazioa gehitu behar diogu, errez men egiten duen sindikalismoak negoziatuta beharrezko baldintzetatik urruti. Testuinguru honetan azpimarratu nahi dugu, gaur inoiz baino gehiago, beharrezkoa dela Lan Erlazioetarako Euskal Markua, zeinek Euskal Herriko beharrei erantzuna emango dien eta egungo prekarietatearekin bukatu eta Estatu espainiarrak martxan jarritako murrizketen ondorioz txikitutako lan eskubideak balorean jarriko dituen. Beti arazo bera agerian jartzen da: ez diegu bakarrik krisiaren ondorioei aurre egin behar, Euskal Herrian inongo babes sozialik ez duten indar politikoek urrutitik hartutako erabakiak ere pairatu behar ditugu.

Lan instituzionala garrantzitsua dela diogu azken hilabeteetan instituzioen kudeaketaren ondorioz –kasu honetan, euskal eta espainiar instituzioen kudeaketa izan da- gauzatutako arazo bat mahaigaineratu delako: multinazionalekiko dependentziak arazoak dakartza, Arcelor Zumarraga kasu –azkena da, baina ez kasu bakarra-.

Tokian tokiko egitura sozioekonomikoa bultzatu beharrean, hamarkadetan, multinazionalei, kanpoko korporazio handietako inbertsioei, ateak parez pare ireki zaizkie, baina agerian geratu da egun bakarreko zerbait direla, ez epe luzeko irtenbide. Erabakiguneak faktoriatik milaka kilometrotara egoteak erabakiak ondorio sozialak kontuan izan gabe hartzea ahalbidetzen du, Zumarragan 600 pertsona kaleratzea, esaterako.

Lan instituzionala garrantzitsua da, gizarteari funtzionatzen duten lanabesak eskaini behar dizkiogulako. Tresnak behar ditugu lan politika aktibo eta pasiboak serioski garatzeko, ez erdizka orain bezala, Estatuak ez dizkigulako Estatutuan gureak diren konpetentziak transferitzen. Lanabesak sortzeko garaian besteen menpeko izaten jarraitzen dugun bitartean kostua besterik ez duten gauzak sortuko ditugu. Lanbideren adibidea hor daukagu, zeinetan bere kudeatzaileek ez duten sinisten. Arduradun horiek dira Lanbideko langileak gutxiesten dituztenak, erantzukizunik onartzen ez dutenak, erakundeak bere funtzioak bete ditzan neurriak proposatzen ez dituzten bitartean.

Euskal erakundeen lehentasuna lanpostu egonkorrak sortzeko politikak martxan jartzea izan beharko luke, soldata duineko lanpostuak, emakumenganako diskriminaziorik gabekoak.

Kalera ateratzeko eguna da gaurkoa eta aterako gara. Beti bezala, kalera aterako da Eusko Alkartasuna beste aldarrikapen batzuetan egin bezala. Gainera, bihar, erakundeetara itzuliko gara, non egiteko asko dagoen oraindik. Eginbeharrekoa errazago egingo dugu egungo errealitate eta eredu sozioekonomikoa aldatu nahi dugun alderdi eta sindikatu guztiak batu egiten bagara, orain bizi dugun egoera berriro errepika ez dadin.