Batzar Nagusia egin du Eusko Alkartasunak gaur goizean Gasteizen.

Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak gaurkotasun politikoa aztertu du kazetarien artean Batzar Nagusiaren atsedenaldian.

Arlo politiko eta ekonomikoan mugimendu ugari egon den aste honetan alderdi guztien jarrerak ez direla oso eraikitzaileak izan esan beharra dugu. Aieteko Adierazpenaren bilera eta Kutxen osaketaz ari gara.

Aieteko Adierazpenaren astearteko bilera egin ahal izatea eskertu nahi diegu Lokarri, Powell eta gatazken konponbidean adituak diren fundazioei. Eta esan beharra dugu ez dugula ulertzen horien lanari jartzen zaizkien aitzakiak.

Estatu frantseseko indar guztiak Aieteko bileran egon ziren. Guztiak. Eta hori alderdi batzuek ikasi behar duten lezioa da.

PP ez zen egon eta hori ez da berria, baina hala ere kezkagarria da. Dena den, jakin bezate Madrilgo Gobernuan duten gehiengotik ezin izango diotela herri honi bere tesiak inposatu.

PSE ez egoteak ere kezka sortzen digu. Eusko Alkartasunaren ustez, PSE zeinen galduta dabilen erakusgarria da astearteko jarrera. Hauteskundeen emaitza txarra eta gero arriskurik ez hartzea erabaki dute eta horretan ari dira.

EAJ agertu zen bai, baina gaiari garrantzia kendu nahia sumatu diegu. Eusko Alkartasunaren ustez, prozesuaren kudeaketa guztia Eusko Legebiltzarraren esku uztea lurraldetasunaren kontrakoa da erabat, eta abertzaleok ezin dugu hori onartu.

Kutxabank izan da asteko bigarren gai izarra. Aipatutako hiru alderdiek, EAJ, PSE eta PPren esku demokraziaren erabat kontrakoa den jarrera izan dute, Gipuzkoako lehen indar politikoa dena Kutxaren Gobernutik kanpo uzten.

EAJ hiru urte eta erdi pasa ditu aurreko legegintzaldian PSE eta PPk egindakoa salatzen. Ba gauza bera egin dute beraiek, larriagoa egia esan. Izan ere, Kutxako asanbladan 79 ordezkarietatik 35 dituen indarra baztertzeko estrategia prestatu du.

Gipuzkoako kasua da deigarriena, baina ez da hori bakarrik, zeren Bizkaian bigarren indar politikoa izanda, BBKren Kontseilutik at dago Euskal Herria Bildu; eta Vitalen ere ez du arabar gizartean duen babesaren isla.

Denok Euskal Herria Bilduren kontrako politika beti egon da presente eta orain berriro ere atera egin dute. PNV eta PSE ez dira kapaz izan Gobernuaren erreleboa antolatzeko ere, baina Euskal Herria Bildu baztertzeko bai.

Zergatik izan da posible? Batzuen printzipio politikoak malguak baino malguagoak direlako eta kutxen eredu alternatiboa ordezkatzen dugunak baztertzeko interes izugarria izan dutelako.

Honen aurrean bi galdera: EAJ eta PPren arteko ituna, PSEren laguntza interesatuarekin, gai ekonomiko guztietara hedatuko da?

Eta bigarrena, prozesu politikoarekin zerikusia duen guztian norekin bilatuko ditu adostasunak Urkullu jaunak?

Jatorria: Eusko Alkartasuna