Nafarroako Parlamentuak Skolae programaren balioa babestu eta hurrengo egunean, aldaketaren Gobernuak hezkuntza arloan egiten ari den lanak erasoa jaso zuen berriro ere UPN eta PPk atzoko Osoko Bilkuraren bigarren partean defendatutako –eta onartu ez den- mozio baten bidez. Eskuinak berriro ere agerian utzi du askatasunean eta haurren autonomian oinarritutako hezkuntza elebidunak ematen dien beldurra. Esther Korres legebiltzarkideak gogor kritikatu du aurkeztutako ekimena gaur egun hain garrantzitsua den hezkidetzaren aurka baitoa.
Esther Korres, EH Bilduko legebiltzarkideak Hezkuntza arloan UPNk eta PPk egiten duten ekimen guztietan bezala, gaur aurkeztu denak ere “nafar gizartea geldiaraztea” helburu duela salatu du, “egun nafar gizarteak gaindituta dituen garai atzerakoietara bueltaraztea”.
Atzo Miren Aranoak egin bezala, Skolae programa punta-puntakoa dela gogoratu du Iruñako EAko presidenteak, Nafarroan legegintzaldi honetan garatzen ari den Hezkuntza bezala. Horren harira, “Skolae programara geletara eramango dutenak irakasleak dira eta irakasleengan erabateko konfiantza dauka EH Bilduk”, gaineratu du.
Berdintasunean aurrera egiteko haurrekin hezikidetza garatu behar dela adierazi du EH Bilduko ordezkariak: “Horixe da Administrazioak eta Hezkuntza Administrazioak egin behar dutena eta horixe da Skolae”.
“Gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasun-baloreak; Genero-indarkeriaren prebentzioa; tratu-berdintasunaren berezko baloreak; Edozein baldintza edo portaerengatik eta eduki sexistengatik ez diskriminatzea, eta kultura, erlijio, gizarte-klase, egoera funtzional eta sexu-orientazio anitzak errespetatu eta horiekin elkarbizitza garatzea” dira Skolaeren edukietako batzuk.