Kurdistanera joan da Lorena Lopez de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politiken idazkari eta Europako Aliantza Librearen idazkari nagusia, Selahattin Demirtaş eta Leyla Guven HDPko ordezkari politikoen epaiketetan behatzaile aritzeko. Larri dago Guven azaroan hasitako gose grebaren ondorioz, eta azkeneraino iritsiko dela iragarri du. Gainera Kurdistaneko erakunde eta alderdi politikoen ordezkariekin bilduko da López de Lacalle, herriaren egoera eta gertatutako azken mugimenduak lehen eskutik ezagutzeko.

Ekintzaile kurduen egoera Turkiako Estatuaren giza eskubideen kontrako eraso larria dira, eta Lorena López de Lacallek ohartarazi du dauden egoera: “Egun Kurdistango hainbat zonaldetan gerran daude, islamiar fundamentalismoaren kontrako gerra eta gero turkiarren errepresio bortitzari aurre egiten ari dira orain, eta giza eskubideen arloan alerta gorrian daude”.

Bi urte daramatza Demirtaş espetxean epaitua izan aurretik eta bere kasua ERCko buruzagia den Oriol Junquerasenarekin alderatu da. Giza Eskubideen Europako Epaitegiak bere egoera aztertu eta Turkiari aske uzteko eskaera egin zion, espetxeratzea bere eskubide politikoen aurkako erasoa delako.

Guvenen kasua are dramatikoagoa da, izan ere zalantzazkoa da aste honetan bertan hasiko den bere epaiketara bizirik helduko den. Guven da, gogoratu du López de Lacallek, “bere gose grebarekin PKKko liderra den Abdullah Ocalanen isolamendu basatiari aurre egitea lortu zuen ekintzailea, eta duela gutxi senitarteko baten bisita jaso du”.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak “nazioarteko zuzenbidea bere bidea egiten ari dela, oso mantso bada ere” esan nahi du, Lorena López de Lacallek esan duenez, “orain horren gai larrietan hartzen diren erabakiak bete daitezen mekanismoak jarri behar dira”.